Koldo Martínezek irmotasun handiagoa eskatu dio Sánchezi klase ertain eta langileen txirotzeari aurre egiteko
Galdara zentralak dituzten bizilagun-komunitateei gas tarifa murriztua eskuratzea ahalbidetu diezaien eskatu dio ere presidenteari
Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak Gobernuko presidentea animatu du gaur klase ertain eta langileen txirotzea eta ezberdintasunak murrizteko neurri irmoagoak har ditzan. Eta Nafarroako Gobernua adibide gisa jarri du energia aurrezpen eta etxebizitza sozial alorrei dagokienez.
Koldo Martínezek Pedro Sánchez premiatu du gas tarifa murriztua galdara zentrala duten bizilagun-komunitateei hedatu dezan, gaur egun galdara indibidualak dituztenek baino hiru aldiz gehiago ordaintzen baitute. “Gaur, komunitate-galdarak dituzten pisuetan bizi diren herritarrek ezin dute tarifa murriztua eskuratu eta, presidente jauna, modu bidegabean diskriminaturik dauden milioi eta erdi familien izenean, hori ahalbidetzea eskatzen dizut. Era berean eskatzen dizut, iragarri eta zortzi urteren ondoren, zure gobernuak etxebizitza legeari argi berdea eman diezaion, gazte askori eragiten dion eta bete gabe dagoen beste eskubide bat baita. Gogoan hartu Geroa Baik Nafarroako Gobernuan aurrera ateratzen ari dituen etxebizitza politikak eta egin ezazu!”, esan dio Geroa Baiko senatariak Gobernuko presidenteari gaur Goi Ganberan egin den debatean.
Koldo Martínezek Pedro Sánchezekin izandako debatearen hasieran gogorarazi dionez, “zure alderdiak eta Geroa Baik elkarrekin gobernatzen dugu Nafarroa azken foru hauteskundeetan Geroa Baik bere botoak gobernu aurrerakoi baten zerbitzura jarri zituenetik, emaitzarik hoberena lortu zuen alderdia horren buru jartzeko konpromisoarekin. Zuek ez zenuten horrela egin 2015ean ez eta 2019an ere, zuek, sozialistek, Nafarroako udalerri askotako alkatetzak eskuinari oparitu zenizkiotenean”.
Energia krisialdia Estatuari eragiten dion arazorik larriena ez dela azpimarratu du Nafarroako senatari autonomikoak. “Energia krisialdia premia gehien duen arazoa da. Baina larriena, egiturazkoa dena eta Ukrainako gerraren ondorio bakarrik ez dena, zuk eta zure alderdiak behin eta berriro aditzera ematen duzuen moduan, gehien dutenen eta gutxien dutenen arteko ezberdintasuna da, eta Estatuan modu eskandalagarrian egiten ari du gora, klase ertain eta langileen txirotzea Europar Batasuneko gainontzeko herrialdeetan baino gehiago areagotu delarik”.
“Hiru aldiz, lehen aldiz duela urtebete baino gehiago, gai hau inoren agendan ez zegoenean, eskatu dut Senatuan ezberdintasunaren arazoa eta errenta eta mozkinen ituna analizatzeko ponentzia bat sortzea, ezberdintasunari aurre egiteko bideetako bat baita, klase ertain eta langileei haien erosahalmena hobetzea ahalbidetzeko akordio bat bultzatzeko, eta zerga politika birbanatzaile bat lortzeko. Eta hiru alditan, ezin uler daitezkeen aitzakiekin, zure alderdiak uko egin dio”, salatu du Koldo Martínezek.
Forutasunaren aldarrikapena
Geroa Baiko senatariak gogorarazi duenez, “zure gobernuko bi alderdiek lege bat aurkeztu dute finantza erakunde eta energia konpainia handientzako ‘zergaz kanpoko ondare-prestazio publikoa’ proposatuz, eta helburu horren alde gaude. Zerga berri bat da eta, hortaz, Google edo Tobin tasa bezalakoekin egin den moduan, Nafarroako Hitzarmenaren baitan sartu behar da guk kudeatu dezagun”.
Era berean, Koldo Martínezek banku handiek lortzen dituzten ez-ohiko irabaziak gogorarazi ditu ere, fusionaturiko entitateen galerak orekatzeko zergak ez ordaintzea ahalbidetzen baitzaie. “Mugarik gabeko zerga kreditu horiek, bankaren alde eta Zerga Agentziaren eta Foru Ogasunaren aurka, hau da, herritarren aurka desbideratzen diren milaka milioi euro dira”.
Energia politikari dagokionez, Koldo Martínezek ziurtatu duenez “zuk proposatzen dituzun energia aurrezpen neurriak Nafarroako Gobernuak jada garatzen dituen ekimen aitzindariekin bat datoz, neurri horietan Geroa Baik funtsezko papera duelarik gainera. Zaharberritzea eta etxebizitzak eraikitzeko eredu berria kontsumo nulua eta autokontsumoa lortzeko, energia komunitateak, biomasaren sustapena, hidrogenoa, mugikortasun ez kutsakorra eta gure energia subiranotasunarekin konprometitutako udalerriak Nafarroaren DNA sozialaren zati dira jada, eta Geroa Bain horrekin harro gaude. Pertsonen erosahalmena eta planetaren etorkizuna babesteko laguntzen duten ekimenak baitira”.
“Presidente jauna, helburu horiek lortzeko laguntzen duten politika guztiek jasoko dute gure babesa; baina zure aurrean edukiko duzun indarrik kritikoena izango gara politika horiei uko egin edo horietatik desbideratzen bazara. Hori ez gertatzea espero dugu”, amaitu du adieraziz Geroa Baiko senatariak.
Koldo Martínez