Itzuli

Koldo Martínezek Iruñeko Udaleko zinegotzi akta utziko du arrazoi pertsonalak direla eta

Geroa Baik bere esker on sakona adierazten dio Martínezi azken urteotan egindako lanagatik eta zinegotzi moduan Javier Leozek ordezaktuko duela iragarri du

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez Iruñeko Udalean Geroa Baiko zinegotziak iragarri du datorren osteguneko Osoko Bilkuran bere zinegotzi akta utziko duela arrazoi pertsonalak eta osasun arrazoiak direla eta. Horrela ezagutarazi du gaur goizean bertan Iruñeko Udaleko Gobernu Batzordean.

    Koldo Martínezek azaldu duenez, “herritarrekin eta Geroa Bairekin dudan konpromisoa beti izan da erabatekoa, eta uneotan, osasun arrazoiak direla eta, ezin dut %100 hori eskaini zinegotzi moduan jardun beharreko nire arduretan, eta Iruñeari eta bere herritarrei zor diedan errespetuagatik, albo batera baztertzeko erabakia hartu dut”.

    “Erabaki hau Joseba Asirón alkateari helarazi diot, bai eta gobernu taldeko gainontzeko kideei ere, eta Iruñeko udal taldeko eta Geroa Baiko nire alderdikideei ere”, adierazi du Koldo Martínezek.

    “Kontzientzia lasai dudala joango naiz, eta Iruñean gobernu aurrerakoi bat uzten dudanaren harrotasunarekin, Iruñea hobe baten alde lan egiten ari duena eta hala egiten jarraituko duena. Eta ez dut zalantzarik nire kideek Iruñeko Geroa Bairen buruan lan bikaina egingo dutela diodanean”, azaldu du. “Politikagintza aktiboa uzten dudan arren, proiektua laguntzen eta babesten jarraituko dut, Geroa Bairekin beti egin izan dudan moduan”, azpimarratu du zinegotziak.

    Martínez, Medikuntzan eta Ebakuntzan lizentziaduna eta doktorea, 2023 urteaz geroztik da zinegotzia eta Nafarroako senatari autonomiko moduan jardun du ere (2019-2023) eta Geroa Baiko bozeramaile moduan Foru Parlamentuan (2015-2019).

    Geroa Baik bere “esker onik sakonena” agertzen dio Martínezi “koalizioaren alde urte hauetan guztietan zehar egindako lanagatik, bai eta denontzako Nafarroa hobe bat eraikitzeko bere lan nekaezinagatik ere”. Koalizioaren aburuz, “Martínezen ibilbideak aztarna ezabaezina uzten du Nafarroako panorama politikoan, Nafarron ongizatearen alde izan duen konpromiso apurtezin, pasio eta lanari esker”. “Zerbitzu publikoarekin agertu duen bere bokazioa, Geroa Bain beti defendatu ditugun baloreen aldeko lan, dedikazio eta defentsaren adibide izan da”, nabarmendu du koalizioak.

    Zinegotzi akta uztearen ondorioz, Javier Leoz izango da Koldo Martínezen ordezkaria zinegotzi arduretan. Leoz, 59 urtekoa eta Iruindarra, Zuzenbidean Lizentziaduna da eta udal politikan ongi ezagutzen du, Iruñeko Udalean zinegotzi izan baita 2011-15, 2015-19 eta 2019-23 legegintzaldietan, urte horietan guztietan zehar hiriaren garapenaren eta ongizatearen alde lan handia burutuz. Gainera, Javier Leoz Geroa Baiko Batzorde Iraunkorreko kide da eta gau egun Nafarroako EAJko abokatu eta arduradun tekniko lana burutzen du.

    Izena eman gure buletina jasotzeko