Koldo Martínezek RENFE-ko presidentearen agerraldia eskatu du Mekarako AVE-aren galerei buruz informatzeko
Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak RENFE-ko presidenteak Goi Ganberan agerraldia egitea eskatu du gaur, honek Mekarako AVE-aren kontratuan enpresa publikoak izan dituen galerei buruz informa dezan, jakinik ere kontratu horren gainean fiskaltzak errege emerituaren aurkako diligentziak ireki dituela legez kontrako balizko komisioak kobratu izanagatik. Martínezek ere Saudi Arabian langileria politikari buruz galdetuko dio RENFE-ko presidenteari, zenbait komunikabidek argitara eman dutenez emakumeen kontratatzean balizko diskriminazioa egon baita espainiar sozietate publikoak ustiatzen duen linea honetan zerbitzua ematen duten langileen artean.
Koldo Martínezek gogorarazi duenez, kontratu honetan RENFEK izandako galerei buruzko informazioa eskatu zion Gobernu zentralari iaz, Sánchezen exekutiboak eskaerari erantzunik eman gabe, Mekarako AVE-aren esleipena lortu zuen partzuergoa pribatua zela argudiatuz, nahiz eta enpresa publikoek kapitalaren %49,87 eduki.
“Orduan Espainiako erregea zenak komisio bidez diru kopuru izugarriak lortu izana eta bitartean enpresa publikoek, hau da, zergapeko guztiok dirua barra-barra galdu izana ez da bidezkoa. RENFE Garraio Ministerioaren pean dagoen enpresa publikoa da eta Gobernuak, modu batean edo bestean, egoera hau azaldu beharko du, kontratu honetan galdu duguna modu frogagarrian ezagutzeko”, azpimarratu du senatari autonomikoak.
“Geroa Baitik ez dugu Mekarako AVE-aren kontratu honen gaineko egia guztia ezagutzeko gure saiakeretan amore emango, eta Gobernu zentralak publikoa izan behar duen informazioa Parlamentuan ezkutatzeari uztea espero dugu, RENFE enpresa publikoa baita eta bere galerak denok eskotean ordaintzen baititugu”, nabarmendu du Koldo Martínezek.
Koldo Martínez