Konfinamenduak LGTBI+ kolektiboarekiko bazterkeria egoerak areagotzen ari dituela ziurtatu du Geroa Baik
LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunarekin, Geroa Baik pertsona guztientzako eskubide berdintasuna aldarrikatu du eta gure gizarteko bazterkeria anitzak deuseztatzeko lanean jarraitzeko bere konpromisoa agertu du
LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunarekin, Geroa Baik pertsona guztientzako eskubide berdintasuna aldarrikatu du, bere sexu nortasuna eta generoa dena delakoa ere, eta LGTBI+ pertsonek pairatzen dituzten bazterkeria anitzak deuseztatzeko lanean jarraitzeko bere konpromisoa agertu du, COVID-19are krisialdiak eragindako konfinamendu egoerarekin areagotu egin baitira.
Koalizioak azpimarratu duenez, konfinamenduak LGTBI+ pertsonek pairatzen dituzten bazterkeria eta indarkeria egoerak areagotzen ari ditu. LGTBI+ pertsona gazteenak, haien sexu orientazio eta nortasunaren onartze prozesu betean dauden horiek, haien familiaren aldetik ikusezintasuna eta ukapena pairatzen dute, egoera honetan haien ohiko sare sozialaren hurbiltasunik gabe daudelarik gainera. Horretaz gain, hain gazteak ez diren eta haien familiaren etxera itzuli behar izan duten pertsonen artean arazoak egon dira ere, berriro ere ikusezintasuna aurkitu baitute.
Geroa Bairen aburuz, LGTBIfobiaren aurkako borroka inoiz baino beharrezkoagoa dela frogatzen dute bazterkeria egoera hauek eta, horregatik, gure gizartetik jarrera LGTBIfobikoak deuseztatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du koalizioak, sentsibilizaziorako, kontzientziaziorako eta hezkidetzarako neurriekin, pasa den legegintzaldian, Estatuan aintzindari izan zen eta UNESCOk berak saritu zuen Skolae programarekin egin zuen moduan.
Koalizioak halaber gogorarazi duenez, pasa den legegintzaldian LGTBI+ pertsonen berdintasunerako bidean neurri garrantzitsuak onartu ziren, hots LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako 8/2017 Foru Legea, alor honetan Estatu mailan aurreratuena; Sexu eta Ugalketa Osasun Dekretua, Osasunbideko zerbitzu kartera handituz; edo pertsona transexual, transgenero edo intersexualen kolektiboarekin osasunaren alorretik lan egiteko Transbide Unitatearen sorrera.
Azkenik, LGTBI+ pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrean aurrera jarraitzeko oraindik egiteko falta den bidea jakin badakigunez, eta konfinamenduak kolektibo honen osasun fisiko zein emozionalarengan izaten ari dituen ondorio zuzenei heltzea beharrezkoa izango dela jakinez ere, Geroa Baik presentzia duen erakunde guztietatik lanean jarraituko du, gizarte anitza, parekidea eta edozein motako bazterkeriarik gabekoa lortzeko.