Kongresuak Senatuaren betoa atzera bota eta Foruaren Hobekuntzaren Erreformaren tramitazioa amaitzearekin pozik azaldu da Geroa Bai
Koalizioak bere poza agertu du, azkenean trafikoaren eskumena eskubide historiko moduan behin betiko berreskuratzea ahalbidetu baita
Diputatuen Kongresuak Senatuaren betoa altxatu izanarekin pozik agertu da Geroa Bai, modu honetan argi berdea ematen baitzaio Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren erreformari, honekin Foru Komunitateak “trafiko eskumena eskubide historiko moduan behin betiko berreskuratuko duelarik, eskumen hau frankismoan zehar lapurtua izan ondoren”.
Koalizioak baloratu duenez, “Behe Ganberak Nafarroako Parlamentuaren borondatea errespetatu du, bertako botoen %90 erreforma honen aldekoak izan baitziren, Senatuaren betoa atzera botaz, Nafarroarentzako eskumen historiko honen berreskurapena modu okerrean atzeratzea baitzen beto horrek bilatzen zuen gauza bakarra, 2018an Barkos Lehendakariak eta Sánchez Presidenteak adostu zuten moduan alegia”. “Zorionez, PP eta Vox-en aldetik, interes alderdikoi hutsengatik prozesu hau torpedeatu eta oztopatzeko saiakerek ez dute Trafiko eta Bide Segurtasunaren eskumena 60 urteren ondoren Foruzaingoari itzultzea ekidingo”, ziurtatu du koalizioak.
Geroa Bairen aburuz, “erreforma honen inguruan bizi izan dugun guztiak tinkoago mantentzen gaitu, ahal bada, gure autogobernuaren eta gure eskubide historikoen defentsan”. “Kezkagarria da PP bezalako alderdien bilakaera ikustea, Estatuan oposizioko lehen alderdia izanik eta gobernua izateko aukerekin, Nafarroaren eskubide historikoen aurka lehen aldiz bozkatu baitu”, ziurtatu du koalizioak. Horregatik guztiagatik, koalizioak ohartarazi duenez “birzentralizaziorako benetako arriskua agertzen du jokabide berri honek, bai Foru Parlamentuan agertutakoa, bai eta Gorteetan ere popularrek erakutsi dutena”.
Azkenik, prozesu honen amaierara iritsi izanak, Nafarroarentzako Foruzaingo integral bat eduki ahal izateko balio beharko duela azpimarratu du koalizioak.