Kulturaren 2019ko “Vianako Printzea” saria emateko ekitaldia Vianan egingo da, hiriaren sorreraren VIII. Mendeurrenarekin batera

Antso VII.a Azkarra erregeak Viana sortu izanaren VIII. Mendeurrena dela eta, Nafarroako Gobernuak Kulturaren 2019. urteko “Vianako Printzea” saria emateko ekitaldia Erriberritik Vianara eramatea erabaki du. Halaxe jakinarazi diote gaur goizean Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek eta Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak Yolanda González alkateari, Nafarroako Jauregian izandako bileran, Jesús Ángel Arandia (Geroa Bai) eta Carlos J. Barragán zinegotziak ere tarteko zirela.
Honela, Nafarroako Gobernuak aintzat hartu du Vianako Udalak Hiriaren VIII. Mendeurreneko ospakizunak indartu, zabaldu eta sustatzearen alde luzatutako eskaera. Kulturaren Nafarroako Kontseiluak erabakiarekiko adostasuna adierazi zuen otsailaren 2an egindako azken osoko bilkuran.
Yolanda González alkateak garrantzitsutzat jo du Vianarentzat 2019an Antso VII.a Azkarra erregearen ekarpen handia eta Erdi Aroa gogoratzea, eta Vianak eskaintzen dituen erakargarritasun kultural eta turistikoak sustatzea.
“Vianako Printzea” saria 1990ean eratu zen, pertsona edo erakunde aipagarriek kulturaren edozein arlotan, sorkuntza, azterketa edo ikerketaren bidez egindako lana aitortzeko asmoz.
2015eko abenduan, Nafarroako Gobernuak saria emateko ekitaldia Erriberriko Jauregian egitea erabaki zuen, izan ere, sariari izena ematen dion Vianako Printze Karlos Trastamara eta Evreuxekoak bertan egin zuen bere bizitzaren zati handi bat, eta ondorioz, leku hauxe da haren bizitza eta lana ongien islatzen dituena.