Itzuli

Lan erreformarekin gaur gertatutakoak Nafarroako ekintza politikoan eszenatoki barregarria uzten duela salatu du Geroa Baik

    “Lan erreformaren inguruan gaur gertatutakoak Nafarroako ekintza politikoari dagokionez eszenatoki barregarria uzten du, eta horrek bi erantzule argi ditu: UPN eta PSN”.

    Koalizioaren arabera, “UPNren aldetik emandako hitza ez betetzea, PSNk agertutako ahulezia bezain larria da, azken honek Madrilgo bere beharrizan taktiko eta alderdikoei erantzuna emateko Nafarroako politika baldintzatzeko eta ahultzeko saiakeran, Iruñeko Udaleko osoko bilkurara udal politikan oroitzen den atalik tamalgarrienetako bat eraman baitu”. “2007an Nafarroa truke txanpon izan bazen, gaur Iruñea da sozialistek sakrifikatu dutena Ferrazen interesengatik”, ziurtatu du.

    Geroa Baik azpimarratu duenez, “tamalgarria da PSNk gaur, lan erreforma salbatzeko saiakeran, Enrique Mayari bere bigarren aurrekontuak oparitu izana”. Gaur arratsaldean Iruñeko Udaleko osoko bilkurak Navarra Sumak aurkeztutako aurrekontu aldaketak bozkatu ditu, eta PSNk horien onartzea ahalbidetu du. PSNren udal taldeak horrela, Enrique Mayari aurrekontuak salbatu dizkio berriro, Geroa Bai eta EH Bildu udal taldeek aurkeztutako 16 zuzenketen aurka bozkatuz gainera, Iruñearentzako 27 milioiko aurrekontu hobekuntza ekidinez.

    “Atal berezia merezi du Enrique Mayaren gaitzespena, bere adierazpen xenofoboak direla eta”, gaineratu du koalizioak. “Gaitzespen hori azkenean PSNren botoarekin onartu da, nahiz eta arratsaldeko lehen orduetan gaitzespen hori ekidingo zuela iragarri”, gogorarazi du. “Azken finean, politikagintzaren balioa gutxitzen duen sainete bat, horren ondorioak berriro ere herritarrek ordaintzen dituztelarik, kasu  honetan Iruñeko herritarrek”, azpimarratu du Geroa Baik.

    LAN ERREFORMA

    Gaur Diputatuen Kongresuan onartu den lan erreformari dagokionez, Geroa Bairen aburuz “anbizio gutxikoa da eta argi dago ez dela nahikoa, Rajoyren Gobernuak bultzatutako lan erreformaren oinarrizko ildoetako batzuk mantentzen baititu”. Halaber, koalizioak salatu du ez dela Nafarroako marko soziala errespetatzen, ez eta Foru Komunitateko gehiengo sindikalak ere ez. “Honakoa, gure autogobernuari erasoa izateaz gain, Nafarroako langileen lan baldintzengan ondorioak ditu, estatu mailako hitzarmenek -erkidego mailakoen gainetik egoten jarraituko dutenak- Nafarroara mugatzen direnekin alderatuz askoz ere baldintza okerragoak izan ohi baitituzte”, azaldu du.

    Koalizioaren arabera “gaur onartutako lan erreformak alde positiboak dituen arren, hots denborazkotasunaren mugatzea edo krisialdietan kaleratze kolektiboak ekiditeko Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedienteen antzeko sistema baten sorrera, egia dena da kaleratze eta negoziazio kolektiboaren esparruetan 2012an PPk burututako erreformaren alderdi batzuk mantentzen dituela”.

    Geroa Bairen iritziz, “Alderdi Popularraren Gobernuak aldebakartasunez inposaturiko kaleratze erraztasunak edo langileen mugikortasunerako neurri malgutzaileak bezalako aspektu hain garrantzitsuak mantentzeak, negoziazio ahalmena zeharo desorekaturik jarraituko duenaren bermea da, enpresaren alde eginez”. “Baldintza hauetan, soldata duinak bermatzea edo langilearen borondatearen aurkako denborazkotasuna eta partzialtasuna ekiditea eragozten da, horiek direlarik gure lan merkatuaren bi gaitz nagusiak”, ziurtatu du.

    Azkenik, lan erreforma Lege Dekretu bidez tramitatu izana gaitzetsi du Geroa Baik, “eztabaida lasaiagoa, parte hartzaileagoa eta proposatzaileagoa egiteko aukera ebatsi baita, Kongresuan eta Senatuan ekarpenak egiteko edozein aukera deuseztatuz”.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko