Lanaren errenta ertainentzako eta autonomoen sektorearentzako zerga-zamaren murrizketa bat planteatu du Geroa Baik
Koalizioak beharrezkoa deritzo kolektibo hauengan arreta jartzea, azken urteotan interes tipoen eta inflazioaren gorakadaren ondorioak gehien pairatzen ari dituzten sektoreak baitira
Datorren urtean nafar gizartearen finantzen egoera arintzeko neurriak lantzearen aldeko apustua egin du Geroa Baik, eta testuinguru horretan koalizioak beharrezkoa deritzo errenta ertainek eta autonomoen sektoreak ordaintzen dituzten zergetan arreta jartzea, hauek baitira azken urteotan interes tipoen eta inflazioaren gorakadaren ondorioak gehien pairatzen ari dituzten sektoreak. Horrela adierazi du koalizioak gaur goizean egin den Fiskalitate Mahaian, bertan Pablo Azcona parlamentuko eleduna eta Mikel Asiain foru parlamentaria egon direlarik.
2015ean Gobernura iritsi zenetik, Geroa Baik ongi jakin du 2008ko krisialdi ekonomikoak eta eskuinaren dogmatismoak inposaturiko austeritate politikek eragindako zaurgarritasun egoerei erantzuna emateko beharra dagoela. 10 urteren ondoren, erantzun eta konponbide ezberdinak behar dituen eszenatoki ezberdin baten aurrean gaude ere. Testuinguru honetan eta 2025 urterako aurrekontuetan eta zerga politikan begirada jarrita, Geroa Baik beharrezkoa deritzo herritarren zati horrengan arreta berezia jartzea, urte luzez esfortzu handia egin baitute inor atzean geratu ez zedin. Geroa Bairen iritziz, esfortzu hori itzultzeko unea da, haien egoera bereziari erantzuna emanez gainera, egungo testuinguru ekonomiko-finantzarioak errenta ertainak zigortzen baititu hain zuzen ere eta azken urteotan haien erosahalmena modu garrantzitsuan murriztu baita. Egoera bereziki larria seme-alabak dituzten familientzako, haien eguneroko gastua biderkatu egin baita, etxebizitza eta energiarekin gertatu bezala.
Baldintza berdintsuetan dago autonomoen kolektiboa, interes tipoen eta inflazioaren gorakada modu nabarmenean pairatu baitu ere. Horregatik guztiagatik, kaltetutako sektoreekin lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du Geroa Baik, modu horretan haientzako zerga proposamena Nafarroako Gobernuaren baitan eta Parlamentuan aurkezteko, uda ondoren hasiko den aurrekontu eta zergen negoziazioan. Koalizioaren arabera, inflazioak utzitako ondorioei aurre egitea izan behar da lehentasuna, izan ere zenbait kolektibok laguntza jakin batzuk eskuratu ahal izateko zeuden atalase-mailak gainditu eta urrun utzi dituzte, baina aldi berean haien erosahalmena murriztu egin da eta kasu batzuetan hilabete amaierara iristeko zailtasunekin ere, haien aurrezpen ahalmena murriztu egin dela ikusiz.
Azken finean, bizirik dirauen zerga-politika bat defendatu du Geroa Baik, nafar gizarteak aurre egin beharreko eszenatoki ezberdinetara egokitzeko gai dena. Halaber, progresibitatearen aldeko apustua egin du, bai eta fiskalitatea aberastasunaren birbanaketarako beharrezkoa den tresna moduan ulertzeko ere, gizartearen oinarriak sendotzeko eta aukerak, efizientzia ekonomikoa eta oparotasuna sortzeko elementua baita.
Azkenik, gaur goizean egin den Fiskalitatearen Mahaiaren aurrean bere onespena agertu du Geroa Baik, Aurrekontu Akordiorako Foru Gobernuak eta lau formakuntza politikoek (Geroa Bai, PSN, EH Bildu eta Contigo-Zurekin) izenpeturiko akordioan jasotako konpromisoetako bat baitzen, horri esker 2025 urterako beharrezkoak diren zerga-neurriak landuko baitira, horien artean industria sektorearekin, ikus-entzunezko sektorearekin eta lehen sektorearekin harremana duten zerga-neurriak nabarmenduz, bai eta Nafarroako mutualistek haien PFEZan ordaintzen dutena arautzeko konponbidea ere.