Laukoak Zuzenbidearen Profesionalen Plataformarekin lan saio bat eskatu du Altsasu kasua jorratzeko

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerra taldeek lan saio eskakizun bat erregistratu dute Nafarroako Parlamentuan Zuzenbidearen Profesionalen Plataformaren ordezkariekin, “Altsasu kasua” moduan ezagutzen den horretan dagoen neurrigabetasunari buruzko manifestu bat izenpetu baitzuten. 2016ko urriaren 15ean Nafarroako udalerri horretan gertaturikoen prozedimendu judizialen gaineko haien ikuspegia ematea da saioaren helburua, bai eta berriki Auzitegi Nazionalak kasuari buruz eman duen sententziaren gainekoa ere.
Ekimena sinatzen duten parlamentu taldeen arabera “eskatu izan duguna, behin eta berriro denboraldi honetan zehar egon diren mobilizazio ezberdinetan, eta ekainaren 16an egingo denean ere, justizia egotea izan da, eta kasu hau proportzionaltasunez epai dadin. Gazte hauei eta haien familiei egiten ari zaienak ez du inolako logikarik prozesua eta sententzia ikusita, epaitzen ziren gertakariak oso modu ezberdinetan epaitzen baitira beste tokietan”, ziurtatu du.
Pasa den astelehenean lau indar hauek Adierazpen Instituzional bat onartu zuten Nafarroako Parlamentuan “ezarritako zigorren izaera neurrigabea” gaitzetsiz, testuan berriro ere aldarrikatuz “gertakariak Nafarroako Auzitegian ikertu, epaitu eta bere kasuan kondenatu behar zirela”, eta herritar guztiei deia egiten zitzaien Altsasu Gurasoak kolektiboak deituriko hurrengo manifestaldian parte hartzeko.