Lehen Arreta sendotzeko eta itxarote zerrendak murrizteko neurriei ausardiaz ekitera premiatu du Barkosek
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako Geroa Bairen hautagaiak, Fernando Domínguez kontseilari ohiak eta Ana Ansa koalizioko Osasun bozeramaileak bilera egin dute Osasun Publikoaren Defentsarako Elkartearekin
Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaile eta Nafarroako Gobernurako Lehendakarigaiak, “Nafarroako osasun publikoaren sistema sendotzeko neurriei ausardiaz ekitera” premiatu du, “zehazki Lehen Arreta sendotzeko eta itxarote zerrendak murrizteko neurriei”. Fernando Dominguez Osasun kontseilari izan zenarekin eta eta Ana Ansa koalizioko Osasun bozeramailearekin batera, Barkosek Osasun Publikoaren Defentsarako Elkartearekin egin du bilera, elkarteak bere eskaera, beharrizan eta proposamenak helarazi dizkietelarik.
Barkosen arabera, “osasungintzak jasangarria, eragingarria eta eraginkorra izan behar du”. “Egungo asistentzia-ereduak beste eredu pertsonalizatuago, humanizatu eta jasangarri baterantz aldatu beharra du, eta horretarako erabakien hartzean lidergo handiagoa behar da”, azpimarratu du.
“Osasun sistema osoa estutasunean jarri duen eta gainkarga handia duen Lehen Arreta baten aurrean, berrikuntza sakona egitea premiazkoa da”, azaldu du Geroa Bairen hautagaiak. “Pasa den legegintzaldian, -gogorarazi du-, Lehen Arretarako Estrategia bat landu zen, adostasun maila handiarekin gainera, eta lau urte hauetan ez da hori ezartzen hasi ere egin”. “Emaitza inmobilismoa, erabaki hartze falta eta eraginkortasun eza izan da”, deitoratu du.
Egoera honen aurrean, antolakuntzan eta kudeaketan aldaketak lortuko dituen Lehen Arretarako eredu berri baten alde Geroa Baik egiten duen apustu tinkoa helarazi diote Barkosek, Domínguezek eta Ansak Osasun Publikoaren Defentsarako Elkarteari, taldelana ohiko moduan lan egiteko modua izango den antolakuntza eredu berri baterantz bilakaera egiteko helburuarekin. Geroa Bairen iritziz beharrezkoa da egungo ereduan aldaketa egitea, talde profesionalak sortuz eta zentro bakoitzaren autonomia mesedetuz.
Itxarote zerrendei dagokienez, horiei epe motzera eta epe ertain-luzera izango diren neurri eraginkorren bitartez heltzeko beharra azpimarratu du Barkosek. Azaldu duenez, “Geroa Baik Itxarote Zerrendei aurre egiteko Plan Integral baten alde egiten du, hiru ildo estrategikoetan ardaztuz: gaixo kopurua edo epea murriztea, eskaeraren murriztea eta eskaintza-eskaera autoerregulatzeko mekanismoak ezartzea, eta bermeen betetzea”.
Gobernuko Lehendakaritzarako Geroa Bairen hautagaiak azpimarratu duenez, “neurri hauek guztiak eraginkorrak dira, baina horiek ezartzeko orduan oinarrizko bi premisa egon behar dira, borondate politikoa eta ausardia alegia”. Ildo honetan gogorarazi duenez, “horrela jardun zen pasa den legegintzaldian, orduan Aldaketaren Gobernuak itxarote zerrendak modu nabarmenean murriztu zituelarik, 50.000 gaixotik 36.000ra”.