Lesakako Geroa Baik ‘Alhondiga’ eraikina gazteentzako alokairuko apartamentuetara bideratzea proposatu du
Koalizioaren udal taldeak EH Bilduri eskatu dio eraikinaren erabilera berriro pentsa dezan eta alternatiba hau aztertzeko Aurrekontuetan zuzenketa bat proposatu du
Lesakako Geroa Baik sei zuzenketa aurkeztu dizkio Udal Aurrekontuari, 340.000 euro batuz, horien artean ‘Alhondiga’ deritzon eraikinari dagokiona nabarmenduz, gazteentzako alokairuko apartamentuetara bideratzea proposatuz, etxebizitzaren alorrean dagoen egoera kezkagarriari erantzuna emateko helburuarekin. Zehazki, 50.000 euroko zuzenketa baten bitartez, eraikin hau etxebizitzetara bideratzeko beharrezkoak diren azterlanak Nasuvinsarekin batera burutzea proposatu du Geroa Bairen udal taldeak.
Ione Fagoaga zinegotziak azaldu duenez, “EH Bilduren gobernu taldeak ‘Alhóndiga’ eraikina beste helburuetara bideratzeko asmoa du, hala nola kultura ekitaldietarako, bilerak, coworking edo enpresa mintegia, baina zerbitzu horiek guztiak nahiko ongi eskaintzen dira gaur egun Lesakan, Kultura Etxeko lokaletan, konbentuan, Koskontako bidean, Eskribo Enean, Udaletxean, Alkaiaga nabean… Geroa Bairen ustez beharrezkoa da orain gure udalerriak duen arazo larrienari aurre egitea, etxebizitza falta alegia, eta EH Bilduri eskatzen diogu eraikin honen erabilera berriro pentsa dezan eta planteatzen dugun alternatiba azter dezan, horrela herriko bizilagunak eta gazteak bereziki Lesakan bizitzen geratu ahal izateko eta haien etorkizuna herrian bertan garatu ahal izateko”. Aurrekontua eta bere zuzenketak eztabaidatuko dituen Osoko bilkura bihar egingo da.
Beste proposamenak: azpiegiturak hobetu eta segurtasuna bermatu
Lesakako Geroa Baik gainera beste zuzenketa sorta bat aurkeztu du egun dauden azpiegiturak sendotzeko helburuarekin, bai eta arriskuen prebentzioaren bitartez segurtasuna hobetzeko ere.
Horrela, 70.000 bideratzea proposatzen du udal pilotalekua zaharberritzeko, gaur egun narriadura egoera nabarmenean dagoen instalazioa baita. Antzemandako kalteen artean itoginak daude, ezkerreko paretaren desgastea eta mantentze falta orokorra, beharrezkoa den margo-geruza berria barne. “Instalazio eta zerbitzu berrietan inbertitzea positiboa den arren, Udalaren betebeharra da ere herriak jada dituen azpiegiturak egoera ezin hobean mantentzea”, azpimarratu du Fagoaga zinegotziak.
Halaber, Geroa Baik 200.000 euroko partida bat sortzea proposatu du Udaletxearen teilatua, estaldura eta teilatu-hegalak konpontzeko, arreta berezia jarriz eraikinaren ekialdeko fatxadari. “Inguruetan dabiltzan pertsonen gainean elementurik erortzekotan dagoen istripu arriskua ekiditea da helburua. Eraikin publikoen mantentze egokia ez da aukerazkoa, Udalaren oinarrizko erantzukizuna baizik.
Bestalde, Lesakako Geroa Bai 5.000 euroko partida bat planteatu du NA-4000 errepidean erortzeko arriskua duten zuhaitzak kentzeko, zehazki 3.500 eta 7.500 kilometro-puntuen artean. Fagoagak azaldu duenez, “tarte honetan tamaina handiko zuhaitzak daude errepide bazterrean, eta noizean behin, galtzadaren gainera erortzen dira, errepidea erabiltzen duten pertsonentzako istripu arrisku larria eraginez, direla hauek oinezkoak, bizikletan doazenak, motorrean edo kotxean”. “Gainera, lursail komunalak direnez, istripu bat egotekotan, erantzukizun zibil eta penala Udalarena izan daiteken zuhaitz horien mantentzearen arduradun den heinean”, nabarmendu du udal taldeak.
Beste zuzenketa batek 10.000 euroko inbertsioa aurreikusten du Onin errekaren ibilgua garbitzeko, Eskol Txikitik Odalasko ibaiarekin elkartu arte. Udal taldeak gogorarazi duenez, “azken urteetan uholde larriak bizi izan dira Estatuko erkidego ezberdinetan, aurreikuspenez jardutearen garrantzia agerian utziz. Lesakan aspalditik dago Onin errekan buxadura bat, Eskol Txiki deitzen den eraikinaren atzean, urak daramatzan lurren pilaketaren ondorioz, horrek tapoi bat sortuz eta Antoiu eta hurbileko guneetan uholdeak eragin ditzakeelarik”. “Zuzenketa honekin, ekidin daitekeen arrisku egoera bat konpondu daitekeela uste dugu”, nabarmendu du Lesakako Geroa Baik.
Udal taldeak gainera, Gardelsoroko iturburuen gunea babesteko 5.000 euro bideratzea proposatzen du hesola eta alanbrezko itxidura perimetrala egiteko, Nabaz eta Katazpegi auzoetan edaten den ura hornitzen baitute. “Ur hau pertsonek edateko dela kontuan izanik, gunearen itxidura perimetrala planteatzen dugu, gaur egun bertan ganadua aske mugitzen baita, hori arriskua izan daitekeelarik uraren kalitatearentzako”, ziurtatu du Fagoaga zinegotziak.