Lizarrako Geroa Baik Blanca Regúlez zinegotziaren aurkako isun proposamen bat salatu du, bere eskubide politiko eta demokratikoen urraketa delako
Koalizioak polizia eredua gaitzetsi du eta Udaltzaingoaren jarduna gehiegikeria eta kutsu ideologiko eta politiko argia duen abusutzat jo du
Lizarrako Geroa Baik bere ezadostasuna agertu du “gaur egun hirian dagoen polizia ereduarekin” eta Blanca Regúlez zinegotziak jasotako isun proposamena salatu du, “Udaltzaingoaren aldetik gehiegikeria eta abusua baita, kutsu ideologiko eta politiko argia duena gainera, bere eskubide politiko eta demokratikoak urratzen baititu”. Horrela salatu du gaur goizean Blanca Regúlez zinegotziak Lizarran, koalizioko kide gehiagorekin batera egin duen prentsaurrekoan.
Lizarrako Geroa Baik defendatu duenez, “azken hamarkadetan zehar herritarrei zerbitzua emateko ardura izan duen udaltzaingo eredu bat eduki dugu, hurbiltasunezko Udaltzaingoa, zerbitzu eta laguntza publikoa kontuan izan duena”. “Eredu hau da Geroa Baik bere egiten duena eta tokiko erakundeetan gailendu beharko litzatekeena”, azpimarratu du.
“Zoritxarrez, polizia eredu hau ez da gaur egun dugun eredua eta hori da gure hiriko herritar gehienek uste dutena, hala ezagutarazi baitigute”; salatu du Blanca Regúlez Lizarrako Geroa Baiko zinegotziak.
Regúlezek azaldu duenez, “legegintzaldi honen hasieratik ikusten ari ditugun jarduera polizialak oso urrun dauden eduki beharko lituzketen printzipioetatik, 2018ko Nafarroako Polizien Legeak berak jasotzen dituen printzipioetatik alegia”. Legearen arabera, “Lizarrako Udaltzaingoak erabateko neutraltasun politikotik eta inpartzialtasunetik jardun beharra du eta, ondorioz, diskriminaziorik gabe; herritarrekin dituen harremanak zuzen mantenduz eta zainduz; bere jardun profesionalean, Poliziaren Etikaren Europako Kodeari dagozkion Europako Kontseiluaren gomendioak jarraituz, bere jarduna dela eta ezagutzen dituen informazio guztien gaineko sekretu zorrotza gordez; Nazio Batuek emandako giza eskubideei buruzko itun nagusiak uneoro betez eta bere jardunaren baitan, Poliziarekiko Giza Eskubideen Araudi eta Praktika bere eginez, hala onartu baita Giza Eskubideentzako Nazio Batuen Goi Mandaritzaren aldetik.
Geroa Baiko zinegotziak azpimarratu duenez, “printzipio hauek betetzen ez direnaren adibide dira Lizarrako azken festetan bizi eta pairatu ditugun ekintzat eta horiek zenbait pertsonari ekarritako ondorioak, bereziki gure gazteei”.
Eta zentzu honetan iragarri duenez, abenduaren 11an isun administratiborako proposamen bat jakinarazi zaio, salatzen diren gertakariak baino bost hilabete beranduago, “Lizarrako udaltzain batzuei galdetzeagatik ea zergatik ari zieten gure hiriko hiru emakume gazteri galdeketa egiten, herritar moduan, Udaleko zinegotzi moduan, foru parlamentari moduan eta abokatu moduan egin nielarik galdera, 25 urtetan zehar jardun dudan ogibideari jarraiki, Lizarran bulego profesionala eduki dudalarik, pertsona guztien funtsezko eskubideak defendatuz beti, bereziki abusuen aurrean eta tratu bidegabe eta neurrigabeen aurrean”.
Geroa Baiko zinegotziak salatu du isuna jartzeko erabiltzen den legea hain zuzen ere, “herri segurtasunaren izenean gure legedian dagoen zentzugabekeria juridiko handiena” dela, “urritasun demokratiko larria dakarren legea baita, herritarron funtsezko eskubideak zapaltzen dituelako: mozal legea alegia”. “Lege hau, herri segurtasuna bermatzeko duen asmotik urrun, herritarrak isilarazteko erabiltzen ari da”, deitoratu du.
Blanca Regúlezek salatu duenez, “galdetzeagatik zigortzen naute, isunaren arrazoi moduan zera argudiatuz: poliziaren lana oztopatu”. “Nire ustez zinegotzi moduan dudan zereginetako bat da Lizarran bizi diren pertsona guztien eskubide eta interesak defendatzea edozein ekintza mota arbitrario eta neurrigaberen aurrean, ekintza hori nork eta norengan jarduten duen axola gabe”; defendatu du zinegotziak, aldi berean gaineratuz “integritatez eta duintasunez” jardun duela, “gazteria guztiaren eskubideak defendatuz, haien ideologia edo inguruabar pertsonalak edozein izanik ere”.
Horregatik guztiagatik, ziurtatu duenez, “une honetara iritsi ondoren, ez nuke pentsatu nahi isun honen tramitazioa nire posizionamendu politikoarekin zerikusia duenik, bereziki Batzordean edo Udalbatzan Udaltzaingoarekin harremana duten gaiekin izandako jarrerarekin, horien artean soldaten kontua, edo zinegotzi moduan Udaltzaingoaren buruarekin izandako elkarrizketengatik, hark edo agente zehatz batzuek burututako ekintza jakin batzuengatik”. “Lizarrako gazteriaren zati bati norabide politiko jakinekin egiten zaizkion identifikazioei buruz ari gara, edo 2023ko jaietan suziriaren egunean jazotakoak, edo azken jaietan Antso Remirez kaleko pankarta kendu ondoren gertaturikoak edo Lizarrako Txosnetako Txoskin maskotarena”, zehaztu du.
“Elkarrizketa horietan, Geroa Bairen ustez adierazpen eta pentsamendu askatasuna direnari buruz hitz egin dugu eta, funtsezko eskubide diren heinean, hala jasoak Konstituzioan eta Nazioarteko Itunetan, udal ordenantzen gainetik daude eta ezin dira zapaldu, gaur egun egiten ari den moduan”, salatu du Geroa Baiko zinegotziak.
Horregatik guztiagatik, Blanca Regúlezek azpimarratu du “Lizarrako Geroa Bairen aburuz, zigor espedientearen zati bat ikusirik, prozedimendu honek ez duela ezer ikustekorik nik egin nezakeen arau-hauste administratibo batekin, baizik eta gure ideologia politikoarekin”. “Kutsu ideologiko eta politiko argiak dituzten jardun polizial hauek iraganeko garaiak gogorarazten dituzte, zuri eta beltzeko garaiak, poliziek lege demokratikoak erabiltzen ez zituzten garaiak eta herritarrak haiek ideia politikoengatik jazartzen zituztenekoak”, kritikatu du.
“Jarrita eta isilpean nahi gaituzte eta Geroa Baitik ez dugu horrelakorik onartuko”, azpimarratu du Regúlezek, aldi berean gaineratuz ez direla “isilik geratuko Udaltzaingoak Lizarrako herritarrengan jardundako zapalketa eta botere abusuaren aurrean”. “Isun honek nire eskubide politiko eta demokratikoak urratzen ditu”, adierazi du.
Horregatik guztiagatik, “Udaltzaingoaren buruaren eginkizuna bizikidetza sustatzea eta bermatzea bada eta beharrezkoak ez diren krisiak ez sortzea, festetan modu bizi eta neurrigabean bizi izan ditugunak bezalakoak alegia, egungo Udaltzain burua, gobernu taldeak izendatutako konfiantzazko kargu den heinean, bere funtzioak bete behar dituen lege betebeharren printzipioen arabera jarduten ote ari dituen planteatu beharko luke gobernu taldeak eta Alkateak berak, polizia kidego honen erantzule gorena den heinean”. “Guretzako, Lizarrako Geroa Bairentzako, zalantzarik gabe, ez ditu betetzen”, nabarmendu du.
Azkenik, prozedimendu zigortzaileari dagokionez, Geroa Baiko zinegotziak azaldu du “abokatuek ikertzen ari dutela, espedienteak agertzen dituen urritasunak eta zehaztasun faltak oso larriak baitira”. “Hemendik aurrera eta gaurtik aurrera, Lizarran demokrazia defendatzeko beharrezkoak diren lege neurri guztiak hartuko ditugu”, amaitu du adieraziz.