Lizarraldean azpiestazio elektriko baten instalazioa bizkortzea proposatu du Geroa Baik
Mikel Asiain parlamentariak azpimarratu duenez “hornidura faltak oso modu ezkorrean eragiten dio eskualdeko industriari”
Geroa Baik ekimen bat proposatu du Nafarroako Parlamentuan, Lizarraldean azpiestazio elektriko baten instalazioa bizkortzeko helburuarekin. Mikel Asiain parlamentariak azpimarratu duenez, “Lizarrako merindadeak arazo larria du hornidura elektrikoarekin, horrek oso modu ezkorrean eraginez eskualdeko industriari, etengabeko mikro-eteteak pairatzen baitituzte eta horiek eragin ekonomiko oso larria dute kaltetutako zenbait enpresatan”.
“Eskualdeko enpresei hornidura elektriko egokia emateko azpiestaziorik ez duen bakarra da Lizarrako merindadea. Horretatik, ezinbestekoa da eskualdeari gutxieneko oinarri industrial bat ematea, horren bidez garapen ekonomikoa sendotzeko. Azpiestazio elektriko baten instalazioa bizkortzeak duen interes publikoa agerikoa da”, ziurtatu du Asiainek.
Geroa Bairen parlamentariaren iritziz, “gutxieneko oinarri industriala, etxebizitzarekin, komunikazio egokiekin eta hezkuntza, osasungintza eta gizarte zerbitzuak bezalako zerbitzu publikoekin batera, despopulazioaren aurkako borrokan ezinbesteko elementuak dira, horixe izanik gaur egun aurrean dugun erronka nagusienetako bat”.
Garapen Ekonomiko eta Enpresarialaren Batzordean Lizarrako Merindadeko Enpresen Elkarteak (LASEME) agerraldia egin ondoren erregistratu zuen koalizioak ekimen hau, aipatutako elkarteak hilabeteak baitaramatza azpiestazio elektriko bat instalatu dadin eskatuz. Ekimen hau datorren asteazkenean eztabaidatuko da, ekainaren 30an, parlamentuko batzordean.
Asiainek gogorarazi duenez, “Lizarrako Geroa Baik eskaera honi emandako babes historikoak ez du inoiz Red Eléctrica-ren aldetik erantzunik jaso, ez eta zegokion Ministeriotik ere ez”. “Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legean ezartzen denez, planifikazio elektrikoa Estatuko Administraritza Orokorrari dagokio, eta Diputatuen Kongresuak bozkatu beharko du, hortaz, estatu mailako konpetentzia bati buruz ari gara”.
Geroa Baiko parlamentariak azaldu duenez, “2015-2020 Energia Elektrikoaren Garraio Sarearen Garapen Planean eskualde horretan ekintzarik aurreikusten ez zen arren, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren ahaleginei esker 2018ko uztailaren 27ko Ministroen Kontseiluak Planifikazio dokumentuaren aspektu puntualen aldaketa onartzea lortu zen, II Eranskinean merindaderako azpiestazio baten instalazioa sartuz”.
Horregatik guztiagatik, erregistratutako proposamenaren bitartez, koalizioak Espainiako Gobernua premiatu nahi du, dagokion Ministerioaren bidez, “2021-2026 epealdirako Espainiako Sare Elektrikoaren Plana onartu dezan, bertan 220 kV Lizarralderako azpiestazio bat aurreikusiz, bai eta Muruarte -Lizarraldea 220 kV zirkuitu bikoitzeko linea berri bat ere, eta hori guztia ahalik eta bizkorren gauzatu dadin”.
Mikel Asiain