Itzuli

Lurralde egituraketaren aldeko bere apustua berretsi du Geroa Baik 2024 urterako aurrekontuei aurkeztutako zuzenketekin

Koalizioaren parlamentu taldeak 75 zuzenketa propio eta beste taldeekin batera izenpeturiko beste 35 aurkeztu ditu osotara

    Lurralde egituraketaren alde egin du Geroa Baik 2024 urterako Nafarroako Aurrekontuei aurkeztutako zuzenketekin. Koalizioak 75 zuzenketa propio eta beste taldeekin batera izenpeturiko beste 35 erregistratu ditu. Artikulatuari egindako beste 3 zuzenketa gaineratu behar zaio honi. Ekimen hauen bitartez, parlamentu taldeak 3.526.000 euroko balioa duten proposamenak eta proiektuak aurkeztu dizkio Foru Komunitatearen kontuei. Zuzenketa hauek onartuak izango dira Foru Ganberako lau indar aurrerakoien arteko aurrekontu akordioa dela eta.

    Modu honetan Geroa Baik pasa den legegintzaldian hasitako bideari jarraituko dio lurraldeari loturiko lana eginez eta udal esparruari arreta eskainiz, horretarako datorren urteko kontuei aurkeztutako proiektuak erabiliz eta modu honetan gure Komunitateko udalerrien garapen sozioekonomikoa ahalbidetuz, bestela horietako askok ezingo lukete zenbait inbertsiori aurre egin. Ildo honetan, tokiko eta landa esparruan egiteko zain dauden erreformetan aurrera egiteko beharra aldarrikatzen jarraituko du koalizioak, hala nola Tokiko Administraritzaren Erreformarako legea, Despopulazioaren Foru Legea edo Landa Garapenaren Lege berria.

    Honakoan, 2024 urterako kontuetan Geroa Baik bultzatuko dituen proiektuak Nafarroako geografia osoan zehar barreiaturiko 40 tokiko erakunde baino gehiagotara iritsiko dira, kirol eta kultura azpiegituretan hobekuntza eta eraberritzeekin, irisgarritasun ekintzekin, haurrentzako instalazioekin eta espazio publikoen hobekuntzekin.

    Aurkeztutako zuzenketek gainera trantsizio ekologiko eta energetikorantz bideraturiko apustu tinkoa berresten dute, eraikinak zaharberritzeko ekintzekin, klimatizazio eta autosorkuntza proiektuekin edo jasangarritasun energetikoarekin, esaterako energia komunitateen sorrerarako ekintzak.

    Geroa Baik gainera, aurkeztutako partiden bitartez asoziazionismoa sustatzen du kirol esparruan, ekitaldien, emakumezko taldeen edo egokitutako kirolaren promozio turistikora bideraturiko proposamenekin. Osasungintzara bideraturiko partidak nabarmentzekoak dira ere, kasu honetan beste parlamentu taldeekin batera aurkeztuak, horien artean diziplina anitzeko talde asertibo komunitario baten sorrera nabarmenduz, Buruko Osasun alorrean pilotu proiektu bat burutzeko helburuarekin.

    Halaber, koalizioak ere esparru sozialeko asoziazionismoa sendotzen du kolektibo ezberdinen inklusio eta integraziora bideraturiko partidekin, bai eta euren jarduera osasunaren sustapenean oinarritzen duten elkarteei zuzenduriko beste partidekin ere.

    Hezkuntza departamentuan egindako zuzenketak ere nabarmentzekoak dira, hezkuntza zentroetako azpiegituretan hobekuntzekin edota eskola garraioarentzako laguntzekin, bai eta Berdintasun alorrean egindako proposamenak ere.

    Azkenik, aurrekontu akordioa egonkortasun politikorako funtsezko tresna dela ziurtatu du Geroa Baik, eta gogorarazi du Nafarroan eszenatoki hau azken 9 urteetan errepikatu dela, horrek gure komunitatearen garapen ekonomiko eta sozialaren aurrerapena ekarri duelarik.

    Izena eman gure buletina jasotzeko