Lurralde oreka eta landa garapen jasangarria mesedetzen duten proiektuentzako zerga pizgarriak proposatu ditu geroa baik
Bihar Foru ganberan eztabaidatuko den EH Bilduren Lege Proposamen bati zuzenketa bat aurkeztu dio koalizioak
Lurralde oreka eta landa garapen jasangarria mesedetzen duten proiektuentzako zerga pizgarriak proposatu ditu Geroa Baik. Bihar foru ganberan eztabaidatuko den EH Bilduren Lege Proposamen bati zuzenketa bat aurkeztu dio koalizioak, ingurumenarekiko mezenasgoari zerga pizgarriak sustatzeko helburuarekin.
Zentzu honetan, ingurumenaren mezenasgo hau hedatzea eta eskualde eta landa mezenasgoa ere barne hartzea proposatzen du Geroa Bairen ekimenak. “Erronka demografikoari heltzeko eta lurralde oreka sustatzeko neurri fiskal eraginkorrak martxan jartzea da helburua”, azpimarratu du Mikel Asiain parlamentariak.
Asiainek gogorarazi duenez, Nafarroako Parlamentuak 2020ko irailean jada Geroa Bairen ekimen bat onartu zuen, horren bitartez foru Gobernua premiatuz landa esparrurako mezenasgo Foru Lege bat egin zezan. “Landa eremuetan inbertsioa zerga pizgarrien bidez sustatzea beharrezkoa da, erronka demografikoa, gizarte moduan aurre egin behar diogun erronka handietako bat baita”, nabarmendu du.
Ildo honetan, koalizioak 2022 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jada 240.000 euroko partida bat sartu zuen erronka demografikoari aurre egiteko inbertsio proiektuak bultzatzeko, 250 bizilagun baino gutxiago duten Foru Komunitateko 400 herrik eskuratu ditzaketelarik proiektu horiek.
Azken finean, Geroa Baiko parlamentariaren aburuz, “erronka hau aukera bihurtzea da helburua, despopulazioa geldiarazteaz gain, landa mundua aktibatzeko balioko duten politika eta neurri eraginkorrekin ere”.