Itzuli

Maiatzaren 28ko foru hauteskundeetarako programa aurkezpena

    Uxue Barkos Uxue Barkos

    Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako Geroa Bairen hautagaiak datorren maiatzaren 28ko foru hauteskundeetarako koalizioak daraman hauteskunde-programa aurkeztu du asteazken honetan, hiru zutaberengan oinarrituz: autogobernua, Ongizate Estatua eta trantsizio ekologikoa.

    Jabi Arakama foru parlamentari eta programaren koordinatzailearekin batera egin duen prentsaurrekoan, Barkosek bere proposamenen “sinesgarritasuna” nabarmendu nahi izan du. “Aldaketa sakon eta iraunkorrak planteatzen ditugu, epe motzeko promesetatik aldentzen gara, herritar gehienen belarrientzako opari izan daitezkeen arren, betetzeko ezinezkoak direla frogatzen baitira”, azpimarratu du.

    Bere aldetik Arakamak azpimarratu duenez, programa hau “hilabeteetan zehar” landu da eta gizarte zibileko erakundeen eta “gure hautetsien” lankidetzarekin burutu da. Bere iritziz, “partaidetza handia eta lan handia” izan duen programa da hau, bere helburuan “hurrengo Foru Exekutiboaren gida” izatea dagoelarik, eta “gobernu horren buruan gu egotea”.

    Azaldu duten moduan 17 atal ditu eta ia 800 ekintza-proposamen “zehatz” jasotzen ditu bere 164 orrialdeetan. “Generikoak izatetik urrun dauden proposamenak dira, modu zehatzean konprometitzen baikaituzte”, ziurtatu du.

    Programaren hiru blokeak, Uxue Barkosek azaldu duenez, “alor transbertsalak jorratzen dituzte uneoro, politika publiko guztietan egon behar baitute”, esaterako “gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna, pertsona guztientzako eskubide berdintasuna, hizkuntza, ideologia eta nortasun aniztasunari errespetua, belaunaldi arteko ituna, bizikidetza eta lurralde oreka eta, beste ezeren gainetik, Europan eta munduan ahots propioa izango duen Nafarroa bat”.

    Autogobernuari dagokionez Barkosek kritikatu duenez, legegintzaldi honetan “ez da eskumen berriak geureganatzeko prozedimendu bakar bat ere hasi”, bien bitartean Geroa Bairen programak hiru eskumenen aldarrikapena jasotzen dituelarik, “oso zehatzak gainera, ekintzarako konpromiso politiko moduan”: I+G+b, bekak eta ingurumenaren babesa Foruzaingoaren eskumenen baitan.

    Honi dagokionez, lehendakarigaiak  bere “kezka” agertu du Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak egindako adierazpenekin, “I+G+b-ri dagokionez esan baitu ez dela eskumenaren transferentzia burutuko, oinarrizko eskumena dela”. Bere iritziz, “honek frogatzen du ez duela Nafarroako autogobernuan sakontzen duen lege-egituraren errealitatea ulertzen”, izan ere “Foruaren Hobekuntzak I+G+b-ren transferentzia jasotzen du”. “Hasiera batetik alor honen transferentzia ukatzea, Foruaren Hobekuntzak ezartzen duena betetzeari eta gure erkidegoaren garapen ekonomikoari uko egitea bezain larria da”, adierazi du Barkosek. Era berean, “I+G+b politikak ezartzeko gaitasuna Nafarroako autogobernuarentzako zeharo oinarrizkoa dela” aldarrikatu du Barkosek.

    Ongizate Estatuari dagokionez, “izaera unibertsaleko, kalitate handiko eta jasangarriak izango diren” zerbitzu publikoak defendatu ditu. Bestalde, legegintzaldi honetan berdintasun, kultura edo hezkuntza esparruetan agertu duten “anbizio eskasa” kritikatu du ere. “Horietan guztietan, inplikaturiko eragile politikoekin eta sozialekin elkarrizketa faltan ikusi dugu. Politika publiko unibertsalak eta kalitatezkoa garatzeko askoz ere anbizio handiagoa behar dela deritzogu”, adierazi du.

    Etxebizitza edo gizarte zerbitzuak bezalako sektoreei dagokienez, Barkosek iritziz “2015ean hasitako paradigma aldaketak finkatzen jarraitu behar du, eta horretarako proposamen zehatzak dakarzkigu” alor horietan. Zehazki, etxebizitzari dagokionez, estatuko legea kritikatu du, “nolabaiteko eskumen inbasioa” ekarri dezakeelako. “Nafarroa bezalako erkidegoetan arazoak sor ditzake, jada egon diren aurrerapausoak, atzeratuagoa doan lege baten menpe geratu baitaitezke, Nafarroak alor honetan lortu duen abiadura motelduz”, azpimarratu du.

    Hirugarren blokeari dagokionez, trantsizio ekologikoak ‘Navarra Green’ estrategia “zedarri eta oinarri moduan” duela azaldu du, 50 proposamen baino gehiago eginez esparru ezberdinetan, hots fiskalitate berdea, energia berriztagarriak, autokontsumo energetikoa, ekonomia zirkularra, jasangarritasun irizpidedun etxebizitzen eraikuntza eta zaharberritzea, mugikortasun jasangarria, bioaniztasuna, uraren kudeaketa edo tokiko produktuen eta zero kilometroko kontsumoaren defentsa.

    Azkenik, “hauteskunde programa osoan nabaritzen den hausnarketa bat” helarazi nahi izan du ere. “Borroka alderdikoiak, zenbait esparrutan beti zilegiak izan arren, ezin dira erakundeetara ikusitakoa bezalako intentsitatearekin eraman, bereziki Nafarroako formakuntza guztiok adostasuna izan behar dugun esparruetan”, azpimarratu du, horien artean “Foruaren Hobekuntzaren betekizuna, inbertsio publikoak eta Estatuko Gobernuaren eskuduntzakoak diren azpiegituren aurrerapena” azpimarratuz.

    Izena eman gure buletina jasotzeko