Maiatzaren lehena dela eta politika publikoek enpleguaren alorrari garrantzia ematea eskatu du Geroa Baik
Koalizioak nabarmendu duenez pandemiak bereziki emakumeengan, migratzaileengan, gazteengan eta desgaitasuna duen pertsonengan eragindako kalteak suntsitzaileak izan daitezke
Geroa Baik nabarmendu duenez, maiatzaren 1 hau, Langileen Nazioarteko Eguna, “osasun krisialdiak markatutako egoera batean” ospatuko da berriro. Koalizioaren aburuz “politika publikoek enpleguaren alorrari garrantzia emateko eta interesa bertan jartzeko unea da; pandemiak eragindako kalteak, bereziki emakumeengan, migratzaileengan, gazteengan eta desgaitasuna dutenen pertsonengan eragindakoak, suntsitzaileak izan baitaitezke”.
Honako honetan, “kosmetika hutsa ez diren aldaketak” egitearen garrantzia berretsi du Geroa Baik, “aldaketa sakonak behar baitira, gaur egun dauden arrakalei konponbidea emateko eta kohesio soziala bultzatzeko”.
Horretarako, “lan erreforma bertan behera uzteko beharra” berretsi du koalizioak, “bere lorpen bakarra lan prekarioen gorakada izan baita, askotan horiek jarduten dituzten langileen pobrezia ere konpontzen ez dutelarik, bai eta langileen eskubideen galera ere”.
Hildo honetan ere, Geroa Baik funtsezkoa deritzo “enplegurako politika aktiboak sendotzea, lan merkatutik urrunen daudenei hurbilduz, haien enplegutasuna modu eraginkorrean areagotzeko tresnak eskaintzeko helburuarekin”.
Baina beste ezeren gainetik, “ekoizpen eredu aldaketa bat” bultzatzearen alde egiten du koalizioak, “jasangarritasun ekonomikoa, ingurumenarena eta soziala beste interesi lehenetsiz; bai eta jasangarritasun soziala ere, Geroa Bairen iritziz, enpleguaren sorkuntzaren arabera neurtu behar baita, beti ere kalitatezko enplegua izanik helburua, gaur egun dugun dualtasunarekin bukatzeko”.
“Enplegua oinarrizko eskubidea” denaren konbentzimendutik egiten ditu Geroa Baik aldarrikapen hauek, bai eta “partaidetza sozialaren elementu moduan bere balioa itzultzeko” helburuarekin ere.