Itzuli

Koldo Martínezek Gobernu zentrala premiatu du mugatutako osasungintza baliabideak egokitzeko erabakiak hartzen ari diren profesionalei bere babesa ager diezaien

Nafarroako senatariak Estatuari eskatu dio pandemia egoera honetan Osasungintzako profesionalek hartzen ari diren erabaki klinikoak hartzeko modua babesten duen ager dezan

Koldo Martínez Koldo Martínez
Senado, senador por Navarra, Koldo Martínez, Geroa bai senado

Izquierda Confederal Parlamentu taldeak, Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomiko eta Geroa Baiko kidearen ekimenez, COVID-19aren pandemiaren testuinguruan osasungintza baliabideen banaketari eta osasungintzako profesionalek hartzen ari dituzten erabakiei buruzko mozio bat erregistratu du Senatuan.

Zehazki, koronabirusaren krisialdiak eragindako egoeraren apartekotasunaren aurrean, Martínezek Estatuko Gobernua premiatu du “maila guztietako osasun arreta burutzeko defendatu beharreko printzipio eta baloreak modu publikoan ager ditzan; Osasungintzako profesionalek hartzen ari dituzten erabaki klinikoak hartzeko moduan ontzat ematen duen ager dezan; eta pandemia egoera honetan mugatutako osasungintza baliabideak egokitzeko erabakiak haien borondate eta aritze hoberenarekin hartzen ari dituzten profesionalei bere babesa ager diezaien”.

Mozioaren testuaren arabera, “osasungintza baliabideen banaketan lehentasunak egitea ez da inolako berrikuntza ez eta pandemiaren ondorioa ere, edozein Osasungintza sistemari dagokion zerbait baizik (Larrialdietako triajeak edo itxarote zerrendak, adibidez)”. Hala ere, “lehentasunak ezartzeko egoera honen testuinguruak are eta tragikoagoa egiten du hori, erabakiak hartu beharreko presa eta azkartasuna direla eta, bai eta horiek dakartzaten ondorioak direla eta ere”.

Martínezen arabera, “baliabideen lehenespena saihestezina da, beharrak mugagabeak direlako eta baliabideak ez ordea. Lehenespen hori egiteko modua garrantzitsua da, ez bizitza indibidual zehatzengan eragina duelako gaur, baizik eta pertsonen eta komunitateen bizitzengan gizartearen baliorik garrantzitsuenak adierazten dituelako ere, gaur eta etorkizunean. Horregatik, jokoan dauden baloreak modu argian eta koherentziaz azaldu beharra dago. ‘Dena, denontzako, orain eta berehala!’ ez baita posible”.

Mozioaren argudiaketaren arabera, “krisialdi garaietan osasungintza baliabideen lehenespenaren helburu nagusia ez da triajea bezalako erabakiak hartzeko prozesu bat ematea, hala nola tratamendu jakinen eskuratzea mugatzea edo pertsona batzuen bizitzak salbatzeko ahalmena izan dezaketen baliabideak horien onurak hein handiagoan jaso ditzaketen beste pertsonei bideratzea”. “Helburua -jarraitzen du testuak-, egoera horiek ekiditeko eskuragarri ditugun baliabideak ahalik eta modurik egokienean erabiltzea ahalbidetuko duten prozesuak edukitzea da. Baliabide eskasen banaketa osasun sistemaren funtzionamendua benetan babestera bideraturik dago, bai eta larrialdi egoeran ahalik eta zaintza hoberena eskaintzera ere”.

Horregatik, Martínezek azaldu duenez “lan hau gako diren printzipioetan oinarritu beharra dago, hots justizia, zaintzaren betebeharra, baliabideen erabilera zuzena, gardentasuna, irmotasuna, proportzionaltasuna eta jakinarazpena. Printzipio eta baliabideen lehenespen hauek, krisialdi egoera honetan, Gobernuak modu argian azaldu behar ditu, askatasun edo mugikortasunerako funtsezko eskubideak mugatzeko egon diren arrazoiak azaldu dituen bezalaxe”.

Koldo Martínezen arabera, “hori ez egitea eta krisialdi garai honetan pertsona guztiak berdinak garela eta osasun arretarako eskubide berberak ditugula esaten jarraitzeak, izugarrizko infantilismo morala erakusten du eta, horretaz gain, gobernatzen gaituztenen aldetik erantzukizun moralaren abdikazio onartezina agertzen du”.

Izena eman gure buletina jasotzeko