Itzuli

Memoria eta bizikidetza alorretan Nafarroak egindako aurrerapenak aldarrikatu ditu Geroa Baik eta esparru honetan anbizio eta konpromiso handiagoa eskatu dio estatuari

Indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Lege frankista indargabetzea eskatu du eta egia lortzeko eskubidea bermatu dadila Mikel Zabalza, 1976ko Jurramendiko gertakariak eta 1978ko sanferminak bezalako kasuetan

    Ana Ollo Ana Ollo

    Geroa Baik bizikidetzarekin, memoriarekin eta giza eskubideekin bere konpromisoa aldarrikatu du gaur eta Estatua premiatu du motibazio politikoen ondorioz giza eskubideen urrapenen biktimen aitorpenean aurrerapausoak eman ditzan, bai eta egia eskuratzeko bermean ere. Horrela defendatu dute Mayte Espinosa Senaturako hautagaiak, eta Ana Ollo lehendakariorde eta  Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak, aldi berean Nafarroak azken hamarkadan zehar bultzaturiko politiken garrantzia azpimarratuz. Halaber, datorren azaroaren 29ko hauteskundeei begira koalizioak dituen aldarrikapen nagusiak planteatu dituzte ere.

    Modu honetan, edozein indarkeria motak lekurik izango ez duen gizarte baterantz aurrera egiteko beharra defendatu du Espinosak, dela indarkeria hori terrorista, politikoa, matxista, arrazista edo homofoboa. “Horiek guztiak bateraezinak dira benetan demokratikoa den gizarte batekin”, azpimarratu du, aldi berean ohartaraziz, finkaturik zeudela uste genituen eskubide eta askatasunak zalantzan jartzen ari dituzten diskurtsoek aurrera egiten ari dutela.

    Zentzu honetan, memoria eta bizikidetza politika publikoen garapenari dagokionez 2015 urteaz geroztik Uxue Barkos buru izan zuen Gobernuarekin Nafarroak egindako ibilbidea nabarmendu du hautagaiak. Lan hau Estatuko erakundeetan ere sakontzen eta aldarrikatzen jarraitu beharra dagoela defendatu du. 

    Bestalde, eta azaroak 25 gertu dugun honetan, Emakumeen aurkako Indarkeria deuseztatzeko Nazioarteko Eguna alegia, indarkeria matxistaren aurrean prebentzio eta babes mekanismoak sendotzearen beharra defendatu du Espinosak eta Geroa Baik Kongresuan eta Senatuan VioGen eta COMETA sistemen berrikusketa eta hobekuntza planteatuko duela iragarri du, horien funtzionamenduan antzemandako akatsen ondoren. Halaber, eskumuturreko telematikoen erosketan Europako Fiskaltzak irekitako ikerketa aipatu du ere. “Geroa Baitik arreta osoa eskaintzen ari diogu kontu honi eta funtsezkoa deritzogu gertatutakoa argitzea eta egon daitezkeen erantzukizunak garbitzea”, azpimarratu du.

    Memorian eta biktimen aitorpenean aurrerapausoak eskatu dizkio Ollok Estatuari

    Bere aldetik, Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak, azken hamarkadan zehar Nafarroan bultzatu diren memoria eta bizikidetza politikak aldarrikatu ditu, kontuan izanik gainera 2015 urteaz geroztik Geroa Baik hartu duela esparru horren erantzukizuna. “Beti gaitzetsi dugu edozein indarkeria mota eta biktima guztien babesa aldarrikatu dugu. Parekatzerik gabe eta diluziorik gabe”, azpimarratu du.

    Diskurtso negazionisten aurrean politika hauek mantentzearen eta sakontzearen garrantziaz ohartarazi du Ollok. “Memoria, iragana baino gehiago da. Etorkizuneko gaia da bereziki, eta bakearen eta giza eskubideen kulturaren promoziora modu estu eta bereizezinean lotua gainera”, ziurtatu du.

    Zentzu honetan, Nafarroan garatu diren legean gogorarazi ditu, horien artean frankismoaren biktimen legea, terrorismoaren biktimen lege berria eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimen aitorpenerako legedia. Defendatu duenez, ibilbide honi esker, Nafarroak Estatuari pauso berriak ematea eska diezaioke.

    “Demokrazia ez delako lelo eta kontsignekin defendatzen. Pauso irmoekin defendatzen da”, azpimarratu du Ollok, aldi berean Memoria Demokratikoaren Legea aukera galdua izan dela iritziz, motibazio politikoaren ondorioz giza eskubideen urraketen biktima guztiak bere osotasunean jorratzeko helburuan huts egin baitu.

    Zehazki, Estatuko aparatuen ekintzekin harremana duten tortura, tratu txar eta hilketen biktimen aitorpena eskatu dio Espainiako Gobernuari, bai diktaduran zehar eman zirenak, bai eta epealdi demokratikokoak ere. Halaber, egia lortzeko eskubidea bere osotasunean oraindik jardun ahal ezin izan duten biktimak badirela salatu du.

    Horrela, Ollok indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Legeak aipatu du, lege frankista alegia eta, salatu duenez, gure historia hurbileko gertakariak argitzea oztopatzen duena, hala nola 1976 Jurramendiko gertakariak, 1978ko sanferninak edo Mikel Zabalzarena bezalako kasuak.

    “Ultraeskuina borrokatzea eta lege frankista bat mantentzea bateraezina dela uste dugulako”, ohartarazi du, aldi berean gaineratuz “agerikoa dela desmemoriari eskainitako monumentu frankista honekin amaitzea, Sekretu Ofizialen Legearekin alegia”.

    Azkenik, Ollok azpimarratu duenez, asko dira oraindik bai Nafarroan eta bai Madrilen ere aurre egin beharreko erronkak, eta gorrotoaren diskurtsoei aurre egitearen beharra defendatu du, giza eskubideekin, memoriarekin, demokraziarekin eta bakearekin konpromisoa sendotuz bai Kongresuan eta Senatuan.

    Izena eman gure buletina jasotzeko