Mikel Armendariz (Geroa Bai) “Legegintzaldiko azken aurreko aurrekontu hauek funtsezkoak dira gure hiriaren orainerako eta etorkizunerako”
2026 urte giltzarria da iruñea euskal pilotaren munduko hiriburua izateko
Mikel Armendariz udal bozeramaileak nabarmendu duenez, “konbentziturik gaude Iruñea 2026ko Euskal Pilotaren Munduko Hiriburu moduan finkatzeko tresna izan behar dutela aurrekontu hauek, kirol esparrutik baino askoz haratago doan gertaera izango dela jakinda. Proiektu estrategikoa da, hiria eraikitzen laguntzen duena, gure proiekzio kulturala, soziala eta ekonomikoa sendotzen duena eta nazioarteko mapan jartzen gaituena, gure nortasunaren zati den esparru batean gainera”.
“Legegintzaldi erdian gaude, une erabakigarri batean. Ez da lokartzeko unea, ez eta inertzia erortzekoa ere. Gure bizilagunek lan serioa, proposamenak eta emaitzak espero dituzte gugandik, ez iskanbila edo blokeoa. Gizarte kohesioa eta gure hiriaren modernizazioa sendotzeko politika publikoak inoiz baino beharrezkoagoak dira”, ziurtatu du Armendarizek.
Geroa Bairen iritziz aurrekontu-akordioak gobernagarritasun tresna moduan ulertu behar dira, zentsura mozioarekin ireki genuen ibilbide-orrian aurrera egiten jarraitzea ahalbidetzeko. Mozio hori ez zen amaiera izan, bidearen hasiera baizik, paralisitik irtetea behar zuen Iruñea batekin konpromiso demokratikoa, kudeaketa egonkor, ireki eta eraikitzailea berreskuratzeko tresna.
Mikel Armendarizen hitzetan, “konfrontazioa eta epe motzeko interesak bakarrik bilatzen dituztenen aurrean, gure apustua argia da: egonkortasuna, erantzukizuna eta etorkizuna Iruñearentzat”.
“Eraiki nahi dugun Iruñea ez da kritika hutsaletik egiten, ez eta iskanbila interesatutik ere. Horren ordez, erantzukizuna, elkarrizketa eta eguneroko lana dira gure abiapuntuak. Horregatik, hiri irekiago, kohesionatuago eta nazioarteko bokazio gehiagodun baterantz aurrera egiten jarraitzeko palanka izan behar dira aurrekontu hauek. Hori da markatu genuen bidea, eta hori da mantentzen dugun konpromisoa”, berretsi du Armendarizek.
Mikel Armendariz