Itzuli

Mikel Irujok Bortziri, Malerreka eta Baztango aurreikuspen ekonomikoak eta etorkizunerako erronkak elkar banatu ditu Geroa Baik antolatutako topaketa baten baitan

Nafarroako Gobernuko Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak eta bere taldeak topaketa irekia egin zuten Lesakan

    Mikel Irujo Mikel Irujo

    Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak Bortziri, Malerreka eta Baztango aurreikuspen ekonomikoak eta etorkizunerako erronkak elkar banatu zituen pasa den ostiralean, jendarteari irekirik Geroa Baik Lesakan antolatu zuen topaketa baten baitan.

    Topaketa horretan Irujok bere Departamentuko hiru zuzendari nagusiak izan zituen mintzalagun: Iñigo Arruti (Enpresa Sustapena), Uxue Itoiz (Energia, I+G+b enpresariala eta Ekintzailetza) eta Pablo Ezkurra (Merkataritza eta Kontsumoa), lauen artean eskualdean I+G+b alorrean egin beharreko inbertsioei buruz arituz, bai eta berrikuntzan, energian eta ekintzailetzan aurreikusten direnak ere jorratuz, edota hurbiltasunezko merkataritzak aurre egin beharreko erronkak ere, besteak beste.

    Enpresa Sustapenerako Zuzendaritza Nagusitik eskualdeko enpresentzako egon diren laguntza ugariak aipatu ziren (sormen industriak, mekatronika sektorea, nekazaritzako elikagaiena, osasungintza, eraikuntza, industria digitalak eta automozioa, besteak beste). 100.000 euro baino gehiago batzen duten laguntza txikiak izan dira Lesaka, Bera, Arantza, Irurita, Doneztebe eta Lekarotzeko enpresetara bideratu direnak.

    Energia Zuzendaritza Nagusitik burutu diren laguntza ekintzei dagokienez, eskualdean egin diren hainbat dirulaguntza deialdi nabarmendu zituzten, hala nola toki erakundeei emandako dirulaguntzak, esaterako Donamariako Udalari, Lesakako Udalari eta Berako Udalari, trantsizio energetikoko proiektuak eta argiztapenaren zaharberritzea burutzeko.

    Era berean, Mikel Irujo kontseilariak eskualdean instalatu diren birkarga puntuak gogorarazi zituen, Oronoz, Bertiz, Elizondo edo Lekarotzeko bizilagunek erabiltzen dituztelarik, eta aerotermia proiektuak ere martxan jarri direla azpimarratu zuen, bai eta bateria bidezko autokontsumo instalazioak, biomasa instalazioak eta birkarga puntuak, proiektu horiek guztiek eskualdean 1.200.000 euro batuz.

    Bestalde, eskualdean merkataritza txikiari bultzada emateko planak azaldu ziren ere, bai eta eskualde hauetan industrialdeak handitzeko aukera ere, Lesakako industrialdean bertan etorkizunean burutu daitezkeen neurriak baztertu gabe. Zentzu honetan, duela gutxi Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak Denok Bat Merkataritza eta Zerbitzu Federazioarekin batera aurkeztu zuten proiektua azaldu zuten: Bera, Lesaka, Doneztebe, Baztan, Arrotxapea eta Sakana eskualdeentzat.

    Mikel Irujo Kontseilariak azaldu zuen moduan, “Denok Bat ekosistema digitala salmenta tradizionalaren osagarri izateko eta sendotzeko diseinaturik dago, landa eta hiri esparruetan merkataritza jarduera finkatzeko helburuarekin tresna digitalak erabiliz”. Amaitzeko, Denok Bat Federazioarekin batera merkataritza bultzatzeko proiektu hau Nafarroako Gobernuak finantzatu duela gogorarazi zuen, horretarako 2023 Funts Teknologikoko laguntzak erabiliz 87.175 euroko balioarekin.

    Izena eman gure buletina jasotzeko