Itzuli

Mikel Zabalza kasuaren gaineko sekretu frankista altxatzea eskatu dio Barkosek Gobernuari

Sekretu Ofizialen Legearen erreformari heldu bitartean Exekutibo zentralak “beste bide batzuk” bila ditzan eta kasuaren inguruko dokumentuak desklasifikatu ditzan eskatu

    Uxue Barkos Uxue Barkos

    Gobernuak Sekretu Ofizialen Legearen erreformari heldu bitartean, Mikel Zabalza kasuaren inguruko dokumentuak desklasifikatu ditzan eskatu dio gaur Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak Félix Bolaños Presidentetza, Justizia eta Gorteekin Harremanetarako ministroari.

    “Sekretu Ofizialen Legearen erreformaren zain, beste bide batzuk bilatu beharko dira, beti legeak dioenaren arabera, baina ezin dugu lege frankista batek dioenaren atzetik jarraitu”, ohartarazi dio Barkosek Bolañosi gaur Senatuan egin den Gobernuari kontrol saioan egin dion galderan.

    Zentzu honetan, Barkosek Bolañosi gogorarazi dio “duela astebete baino gutxiago ezagutu genuela, urte honetan bigarrenez, Gobernuak, Defentsa Ministerioak zehazki, Bartzelonan eta Cambrilsen 2017ko abuztuaren 17an jazotako atentatu jihadisten kasuari buruz CNIk dituen paperak desklasifikatzea onartu zuela”. “Zehazki -jarraitu du- Defentsa Ministerioak ziurtatu du ez duela kasu honen inguruan ezer ezkutatzeko”.

    Ildo honetan berean, Geroa Baiko senatariak gogorarazi du ere Margarita Robles Defentsa ministroak Kataluniako buruzagi politikoei egindako espioitza kasuaren paperak desklasifikatzea onartu zuela, “herritarrek jakiteko eskubidea dutela” argudiatuz.

    Horregatik, Barkosek aldarrikatu du “herritarrek Mikel Zabalzaren kasuan ere jakiteko eskubidea dutela; bereziki Nafarroako herritarrek, eta nagusiki bere familiak: jakiteko eta jakitera emateko eskubidea, ez baitago erreparaziorik ez badago egia eta justiziarik”. Horregatik, “zer gertatu zen eta akatsa non egon zen jakiteko eskubidea” aldarrikatu du foru senatariak, “akatsa ziurtasun osoz egon baitzen”.

    Azkenik, “biktima guztiak begi berdinekin ikusi nahi ditugun” gehiengo bat dagoela adierazi du Barkosek eta “egia, justizia eta erreparazioa bezalako oinarrizko printzipioak ukatzen zaizkien” biktima horiek aldarrikatu nahi izan ditu, “are gehiago lege frankista baten ondorioz ukatzen zaizkienean”. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko