Moves planaren luzapena eskatuko du Geroa Bai errekuntzako ibilgailuen ordezkapena sustatzeko
Mikel Asiain parlamentariak gogorarazi duenez Nafarroa punta puntako Erkidego bilakatu da Moves Planaren fase ezberdinetan ezarritako funtsen erabileran

Ezagutu diren ibilgailu elektriko eta hibridoen azken salmenta datuen arabera zifrek gora egiten ari dute, mota honetako ibilgailuak errekuntzako ibilgailuei gailentzen ari zaizkielarik. 2019an Moves Planaren lehen edizioa martxan jarri zenetik, Nafarroak punta puntakoa dela frogatu du mota honetako funtsen erabileran, funts horiekin, besteak beste, ibilgailu elektrikoa sustatuz. Horregatik, Nafarroako Parlamentuko hurrengo Osoko Bilkuran Geroa Baik mozio bat defendatuko du, horren bitartez Estatuko Gobernua premiatuz Moves Plana luzatu dezan, urte honen erdialdean amaituko baita.
Mikel Asiain Geroa Baiko parlamentariak azpimarratu duenez, “Nafarroa da Estatu mailan ibilgailu elektrikoaren ezarpen maila handiena duen erkidegoa (%16.5)”. Horrela, azaldu duenez “2019an segmentu mota orotako 1.451 ibilgailu elektriko matrikulatu ziren Nafarroan. Zifra hau 5.906ra iritsi zen iazko urrian, hau da, hiru urte eskasetan ibilgailu elektrikoaren presentzia laukoiztu da Nafarroan”.
Eta hazkunde horretan “funtsezko papera izan dute 2018an ezarritako eta ordutik hona indarrean egon diren zerga neurriek, bai eta paradigma aldaketa hori hain zuzen ere bilatzen zuten laguntza ekonomikoek ere”, azpimarratu du Asiainek.
Aldi berean gogorarazi duenez, “Nafarroa punta puntako erkidego bilakatu da Estatuko Gobernutik bultzatutako Moves Planaren fase ezberdinetan ezarritako funtsen erabileran, Next Generation funtsen bitartez Europatik datozen partida ekonomikoekin alegia, bertan ibilgailu elektrikoak erosteko diru laguntza garrantzitsuak zehaztuz”.
Zentzu honetan, koalizioko parlamentariak gogorarazi du Moves Planak “iraungitze data duela, urte honen erdialdean hain zuzen ere”. Horregatik, ostegun honetan urtarrilak 18 egingo den Parlamentuko Osoko Bilkuran mozio bat aurkeztuko du Geroa Baik “Estatuko Gobernua premiatuz Moves Plana luza dezan edo, bestela, antzeko ezaugarridun programa bat martxan jar dezan, errekuntzako ibilgailuak beste ibilgailu hibrido edo zeharo elektrikoekin ordezkatzeko herritarrei laguntza eskaintzeko helburuarekin”.
Azkenik, Mikel Asiainek ziurtatu duenez, “trantsizio ekologikoa ezin da gelditu, eta horregatik neurri ezberdinak hartu behar ditugu alor guztietan”. Horrela, 2018an martxan jarri ziren bezalako zerga neurriak dirulaguntzak bezain garrantzitsuak direla adierazi du amaitzeko.