Itzuli

‘Mozal legearen’ erreforma eskatu du Geroa Baik gure gizartearentzako urritasun demokratikoa delako

Koalizioak bizikidetzaren aldeko apustua jarri du bere lehentasunen artean eta 2015ean egin zen Lege hau mantentzeak herritarren eskubide eta askatasunak mugatzen dituela deritzo

    Blanca Regúlez Blanca Regúlez

    ‘Mozal Lege’ moduan ezagutzen den Herri Segurtasunaren Babeserako Legearen erreforma defendatu du Geroa Baik, oinarrizko eskubide eta askatasunen jarduna babestearekin bateragarria izan dadin. Gainera, koaliziotik salatu dutenez, orain idatzirik dagoen moduan mantentzea “urritasun demokratiko larria” da Blanca Regúlez parlamentariaren hitzetan, bera izango delarik ere datorren osteguneko Foru Parlamentuko Osoko Bilkuran honi buruzko mozioa defendatuko duena.

    Regúlezek gogorarazi duenez, “edozein eskubide konstituzionalen jarduna ezin da segurtasunaren izenean modu orokortuan mugatu. Erabat kontrakoa: herri segurtasunaren izenean indarrean dauden legeetan jasotako eskubide eta askatasunak jardutea erraztu beharra dago, bai nazio mailakoak bai eta nazioartekoak ere, eta hori erraztu behar dutenak erakunde publikoak dira”.

    Horregatik, “segurtasunaren alorrean erakunde publikoen jarduna, oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak jardutea eragozten duen edozein oztopo edo eragozpen deuseztatzera bideratu behar da”, Regúlezen arabera. Eta gaineratu duenez, “horrekin kaleetan lasai egoteari buruz ari gara, pertsonak eta haien eskubideak babesteari buruz, herritarren arteko bizikidetza zaintzea, espazio publikoen erabilera baketsua, erakundeen funtzionamenduan eta funtsezko zerbitzuen ematean normaltasun baldintzak bermatzea, legez kontrako ekintzen eta arau-hauste administratiboen prebentzioa”.

    Geroa Baiko parlamentariak halaber azpimarratu duenez, “herri segurtasunaren izenean, askatasun eta eskubideen jardunean egindako edozein mugaketa, legezkotasun eta neurritasun printzipioekin bat egin beharra dago”. Hori ere kontuan hartu beharko da, adierazi du, zigor erregimenarekin zer ikustekorik duen guztiarekin, “behar-beharrezkoa den gutxienekoan mantenduz”.

    Horregatik, Geroa Baik beharrezkoa deritzo Herri Segurtasunaren Babeserako
    Legea erreformatzea, ‘Mozal Lege’ moduan ezagutzen dena, 2015ean onartua orduan PPren gehiengo osoa zuen Gobernu batekin, Mariano Rajoy buru zuelarik eta 15Mren mobilizazioek eraginda.

    Izan ere, Regúlezek gogorarazi duenez “arau hau eskubideak murrizten dituen legea da, hala nola bilerarako eta manifestaziorako eskubideak, bai eta askatasunak murrizten dituena ere, esaterako adierazpen edo informazio askatasuna, askatasun sindikala eta grebarako eskubidea ere”. Era berean, “ezartzen dituen zigorrengatik gogor kritikatu den Legea” izan dela azpimarratu du parlamentariak, “une horretara arte zigortzea pentsaezinak ziren jokabideak zigortzen dituelako, eta gauza bera gertatzen da pertsona arrazializatuen identifikazio indiskriminatuekin edo etorkinak mugan bertan itzultzearekin”.

    Horrela, koalizioko parlamentariak nabarmendu du Legea idatzirik dagoen moduan mantentzea “urritasun demokratiko larria” dela. Horregatik “erabateko erreforma” bat eskatu du, “artikulu gehienak aldatuz, modu honetan legearen kalitate demokratikoa goratuz eta edozein ekintza autoritariotik aldenduz”. Regúlezek azpimarratu duenez kritika hauek oinarrizko eskubideen defentsan lan egiten duten nazio mailako eta nazioarteko beste organismotatik ere iritsi dira, hala nola Amnistia Internacional, Plataforma en Defensa de la Información, Comisión Española de Ayuda al Refugiado (CEAR) edo Vienako Konbentzioa.

    Amaitzeko, parlamentariak gogorarazi du “tamalez, orain arte, Gorte Nagusietan ez dela legea erreformatzeko nahikoa adostasunik lortu, nahiz eta horretarako hainbat saiakera egon diren”, horien artean EAJ, PSOE eta SUMAR alderdien arteko akordioa nabarmenduz. Horregatik, Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkura lege honen aurkako jarrera agertzea espero du, herritarren eskubide eta askatasunak mugatzen dituelako, eta ostegun honetan Geroa Baik defendatuko duen mozioaren alde agertuko denaren konfiantza agertu du parlamentariak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko