Mugaz gaindiko lankidetza eta beste eskualdeekin harremanak eraikitzeko bide berriak bilatzea defendatu du Geroa Baik
Duela hamarkada batetik hona sustatu izan dira mugaz gaindiko politikak, horregatik Euroeskualdeko partaidetza sendotzera eta beste eskualdeekin lankidetza bultzatzera animatu du Geroa Baik
Azken hamar urteek aldaketa garrantzitsua ekarri dute mugaz gaindiko lankidetzaren alorrean, UPNko gobernuek Europan Nafarroaren isolamendua sustatu zuten garaietatik, Europan Nafarroaren egoitza berreskuratzeraino. Mota honetako politikei emandako bultzadaren garrantzia azpimarratzen du Geroa Bairen parlamentu taldeak aurkeztu duen mozioak, datorren ostegunean Parlamentuko osoko bilkuran defendatuko duena, horren bitartez Foru Gobernua premiatuko duelarik politika horiek bultzatu ditzan, Euskadi – Akitania Berria – Nafarroa Euroeskualdean duen partaidetza sendotu dezan eta beste eskualdeekin harremanak eraikitzeko bide berriak azter ditzan ere.
Mikel Asiain Geroa Baiko parlamentariak gogorarazi duenez, “Nafarroa mugaz gaindiko lurraldea da, mundu osoan zehar barreiatutako diaspora garrantzitsu batekin, Europako zati den Nafarroa bat, ahots propioduna, orain dela hamarkada bat Nafarroan ekindako aldaketa sorta bati esker”. “Begirada kanpoaldean ere jartzen zuten pauso sorta bat, eta arrazoi ezberdinengatik Nafarroa utzi behar izan zuten nafar horien jaioterriarekin lotura bizirik mantentzeko balio duena gainera”, azpimarratu du Asiainek.
Horrela, mozioaren testuan gogorarazten denez, 2016ko uztailean Nafarroako Gobernuak Europar Ekintza Plana onartu zuen, horrek “argi eta garbi zehaztu zituelarik Nafarroako Gobernuaren Ordezkaritzak Bruselan burututako ekintzak”. “Urtebeteren ondoren, Bruselan Nafarroaren egoitza propioa berreskuratu zen eta Euroeskualdean sartu ginen”, gogoratu du Mikel Asiain parlamentariak, aldi berean azpimarratuz “UPNk Europako erakundeetatik aldendu gintuen eta, Geroa Bairen gobernu batek, horietara hurbildu gintuen berriro”.
Legegintzaldi hartan Nafarroako Gobernuak NEXT Estrategia onartu zuen atzerrian bizi diren nafar herritarrentzako, hainbat helburu betez, azaldu du Asiainek: “Nafarroatik kanpo bizi diren pertsonekin loturak sustatu, haien bueltatzea erraztu, lan sareak sortu eta talentuaren ihesa ekidin, baina Nafarroa atzerrian sustatzea bilatzen du ere”. Aurreko legegintzaldian jada Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren sorrera ere garrantzitsua izan zela azpimarratu du, “Nafarroako Gobernuaren kanpoko ekintza koordinatzeko, bateratzeko eta profesionalizatzeko balio baitu”.
Arrazoi hauengatik, mozioak Nafarroako Gobernua premiatzen du mugaz gaindiko lankidetza sendotu dezan, “garapen sozial eta ekonomikorako motore baita, auzotasun harremanetan, bai eta harreman historiko, kultural, ekonomiko, sozial eta linguistikoetan oinarrituz”, nabarmendu du Geroa Baiko parlamentariak. Era berean Foru Exekutiboa premiatzen da “Euskadi – Akitania Berria – Nafarroa Euroeskualdean duen partaidetza sendotu dezan”. Eta, azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “gure mugetatik haratago dauden beste eskualdeekin harremanak eraikitzeko bide berriak azter ditzan”.
Mikel Asiain