Nafar gizartearen alde, irmotasuna, ausardia, esfortzua eta anbizioa eskatu ditu Pablo Azconak Komunitatearen Egoerari buruzko Debatean
Geroa Baiko bozeramaileak defendatu duenez “aurtengo eta aurreko urteetako akordioek aldaketaren hamarkada bat ekarri dute, baina oraindik asko dago nafar gizartean finkatzeko”.
Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuan Geroa Baiko bozeramaileak María Chivite lehendakariari “ausardia” eta “anbizioa” eskatu dizkio, nahiz eta nabarmendu “ziurgabetasun eta konplexutasun” testuinguru honetan, “larrialdi klimatikoak eta ultraeskuinaren aurrerapenak eragindako zalantzekin”, Nafarroak “eutsi egiten dion eta egonkortasunaren erreferente izaten jarraitzen du”, eta hori “elkarrizketari eta akordioari” esker da, bai eta “irmotasunean, ausardian, ahaleginean eta anbizioan oinarritzen den politikagintza modu bati esker ere”.
Komunitatearen Egoerari buruzko Debatearen baitan, Nafarroako Gobernu barruan eta “aurrekontu kideen” artean “ezadostasunak” daudela aitortu du Azconak. Hala ere, “aurten eta aurreko urteetan lortutako akordioek aldaketaren hamarkada bat ekarri dutela” azpimarratu du, baina “oraindik asko dago finkatzeko nafar gizartean”.
Egungo une politikoak “irmotasuna, ausardia, ahaleginak eta anbizioa” eskatzen dituela azpimarratu du, bereziki “gaur egun zalantzati dabilen Europa baten aurrean eta bipartidismoaren arazoekin nokeaturik dagoen Estatu baten aurrean”. “Ezin onar dezakegu besteen inertziek gu aurretik eramatea, ezta gutxiago ere leialtasun okerrek”, azpimarratu du, aldi berean gaineratuz “Nafarroako erakundeen leialtasuna, beti nafar gizartean hasten dela”.
“Estatua eta Sánchezen Gobernua inguratzen dituzten ustelkeria kasuetatik Foru Komunitatea sendoturik irten behar dela” aldarrikatu du Azconak, “nahiz eta batzuek kasu horiek Nafarroara ekartzeko tematurik egon arren”. Ikerketa batzordea “aurrera doala” nabarmendu du, bien bitartean auzitegiek “balizko erantzukizun administratibo eta penalak” zehaztuko dituztelarik.
Honi dagokionez, “Foru Komunitatearen izena lokazteko eskuinaren estrategia” gaitzetsi du, “hauteskundeei begira egiten duten kalkulu hutsa baita”. Era berean adierazi duenez, “konplexuek ez dute balio”, ez eta “eskuinaren erasoak ekiditeko helburuarekin egindako kalkulu politiko hutsagatik hozte instituzional bat egoterik”. Halaber, “ez etsitzeko” deia egin du, eta Estatuarekin burutu gabe dauden zenbati gai gogorarazi ditu, hala nola datorren urterako defizitaren eta zorraren inguruko akordioa, erregimen amankomuneko erkidegoen zorraren kitatzeak Nafarroa ez “zigortzeko” konpromisoa alegia; edota azpiegituren inguruko beharrak.
“Anbizio eta exigentzia handia behar ditugu ustelkeria kasuak erabat argitzeko eta zorroztasun osoz zigortzeko, baina ez dezatela Nafarroa modu bidegabean kaltetu”, defendatu du Geroa Baiko eledunak, aldi berean trantsizio ekologiko eta digitala bezalako “erronkak” aipatuz, ahalmen elektrikoari dagokionez Foru Komunitateak dituen eskaerei erantzuteko beharra aldarrikatuz, edota Nekazaritza Politika Bateratua aldatu dadila, Nafarroan “sektorearen berezitasunetara egokitzeko”.
Azconak ohartarazi duenez, ultraeskuinak “ez du gezurren bitartez bakarrik aurrera egiten”, baizik eta “gizarte nekatu eta dezepzionatu” batekin. Horregatik, ultraeskuina “pertsonen bizi kalitatearen alde egiten duten politika publikoekin” borrokatzen dela azpimarratu du, eta ez “hiri enboskadekin”. Eta horretarako, gaineratu du, “Aurrekontuak beharrezkoak dira”.
Honi dagokionez, “azken 11 aurrekontuak garaiz eta modu egokian” onartu izanaren garrantzia azpimarratu du, “UPNren azken urteetako gobernuek kontu publikoetan utzitako kaosean ordena jarri baitu horrek”. “Gure komunitateari egonkortasuna eta aurrekontuak eskaintzen dizkion egoera politiko bat edukitzearen garrantzia” aldarrikatu du ere. 2026koak, nabarmendu du, “gure komunitatearen historiako aurrekonturik hedakorrenak dira”, hala ere, “triunfalismoetan” ez erortzeko deia egin du, bai eta “politika publikoetan konpromisoz eta estrategiaz” lan egiteko ere. Horrela, “egiturazko arazoen aurrean ausardiaz jardutearen” alde egin du, “hala nola Osasungintza alorrean ditugun arazoen aurrean”. Era berean, “lehen sektorea eta industria irmotasunez lagundu” beharra dagoela esan du, bai eta “bizikidetzaren alde eta gizarte plural baten alde” lan egitea ere.
Pablo Azconak nabarmendu duenez, “Nafarroako industriak aurrera egiten du eta nazioarteko testuingurua den modukoa izanik ere”. “Zailtasunak dituzten enpresak” daudela aitortu du, baina aldi berean Foru Komunitateko BPG industriala nabarmendu du, bai eta “enpleguaren errekorra”, mugikortasun elektrikoan “lidergoa”, energia berriztagarriaren ekoizpena edota biologia sintetikoa, eraikuntza industrializatua edo sektore aeroespaziala bezalako sektore emergenteetan enplegu-sorrera.
Osasun alorrean, “aurrean erronka garrantzitsuak daudela” onartu du, “besteak beste, itxarote-zerrendak”, aldi berean Fernando Domínguezen departamentuak “azpiegituren hobekuntzarako burututako” lanaren garrantzia azpimarratuz. “Osasungintzaren eraldaketa gizarte osoaren lana dela” defendatu du, baina baita ere “parlamentu talde guztiona”, bide horretan Osasun Foru Legea bezalako “neurri ausartak” nabarmenduz.
Era berean, etxebizitza “nafar gizartearen kezka nagusienetako bat dela” azpimarratu du. Tentsiopeko guneen ezarpenaren eragina ikustearen zain, edo etxebizitza enpresa mistoaren lanarena, “politika integralak” garatzeko deia egin du, hala nola etxebizitza alokairu poltsa edo Emanzipa, David eta Elena programak. Halaber, Landa Garapen eta Despopulazioaren Legeari “forma ematera” premiatu du, “landa eremu bizi bat” lortzeko, bide horretan lehen sektorea sendotuz.
Geroa Baiko bozeramaileak ohartarazi du “olatu erreakzionario” baten aurrean gaudela, “genero indarkeria ukatzen duena edo Nafarroa aitzindari izan den memoria politikak zalantzan jartzen dituena”. Era berean azpimarratu duenez, “Nafarroak, beti harrera leku izan dena, ezin du onartu gure gizartearen zati bat bertan jaio ez izanagatik kriminalizatzen duen mezurik errotzea”. Bestalde, Chiviteri eskatu dio “euskara eztabaida alderdikoitik eta konfrontaziotik aldendu dezan” eta autogobernuan aurrera egin dezan, trafikoa, bekak, I+G+b bezalako eskumenen “garapen osoa” aldarrikatuz, bai eta “eskualdatu gabe dauden gainontzeko eskumen guztiena ere”.
2026 urterako zerga neurrien inguruko akordioaren garrantzia azpimarratu du Pablo Azconak, “Nafarroako errenta ertain eta txikien zama fiskala hobetuko baitu”. “Erosketa-saskiaren eta energiaren salneurrien gorakadari, modu solidarioan erantzun behar zaio, bereziki kontuak jada ordenaturik dituen administraritza baten aldetik”, azpimarratu du. Era berean, Chiviteri gogorarazi dio BEZaren zerga hitzartzeko aukera eta Nafarroak ECOFINean “ahots eta botoa edukitzeko” aukera, ikertu gabe jarraitzen dutela.
Pablo Azcona