Nafarroa eta bere autogobernua Gobernuaren aurkako ariete moduan erabiltzeari utzi diezaion eskatu dio Geroa Baik PPri
Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren Geroa Bairen bozeramaileak egindako adierazpenetan, koalizioak datorren osteguneko osoko bilkuran Foru Ganberan defendatuko duen mozioa aurkeztu du. Zehazki, Azconak azaldu du LORAFNArenaldaketaren aurka PPk aurkeztutako betoa Trafiko eskumenaren transferentzia atzeratzeko taktika dela, horregatik Geroa Bairen mozioak Senatua eta ganbera hori osatzen duten parlamentu-taldeak premiatzen ditu Nafarroako Parlamentuaren gehiengoaren borondatea eta agindua errespetatu dadin. Geroa Bairen bozeramaileak gogorarazi duen moduan, Ganbera honetako 50 bototatik 45 agertu ziren LORAFNAren aldaketa honen alde. Nafarroa eta bere autogobernua ez dezala Gobernuaren aurkako ariete moduan erabili eskatu dio Azconak PPri.
Beste gai batzuen artean, Geroa Baiko bozeramaileak Nafarroako aurrekontuen aurreproiektuaren onarpena aipatu nahi izan du. Azconak aurreproiektuaren balorapen positiboa egin du eta Nafarroan 10 urtez jarraian aurrekontuak edukitzeak ematen duen egonkortasunaren garrantzia azpimarratu du. Eta egonkortasun horretarako Geroa Bai eragile beharrezkoa eta funtsezkoa izan dela nabarmendu nahi izan du. “Datozen asteetan akordio hori lau indar aurrerakoien artean bilatuko dugu Aurrekontuak aurrera ateratzeko, eta ez da gauza makala izango, nazio mailako panorama ikusita, horrek ekarriko duen egonkortasuna”, adierazi du, aldi berean azpimarratuz aurreproiektu hau “garrantzitsuak direla deritzogun lehentasunekin jaio dela” eta “zuzenketekin garrantzitsuak diren lehentasunak finkatzea bilatuko dugula”.