Itzuli

Nafarroa klima-aldaketara egokitzeari buruzko herritarren saioa egin da Parlamentuan

Hualdek nabarmendu du Nafarroako erakundeak zeinen sentsibilizatuta dauden klima-aldaketaren aurrean eta etorkizun hobea bermatuko duten egokitzapen-neurri goiztiarren alde egin du

    Unai Hualde Unai Hualde

    Nafarroa klima-aldaketara egokitzeari buruzko herritarren saioa egin da gaur Parlamentuan, LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren koordinazio-taldeak antolatuta —Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua da horren buru—, eta jada hemen dagoen errealitate bati aurre egiteko behar diren doikuntzak eta eraldaketak izan dituzte hizpide.

     

    Hasierako hitzaldian, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde pozik agertu da ingurumen-arloaren inguruan «parte hartzeko eta esperientziak trukatzeko espazio» bat ireki ahal izan duelako. Bada, ingurumena «gizadiaren erronkarik handienetako bat da. Gai ikusezin bat da eta haren ondorioak urtetik urtera nabariagoak dira. Zientzia eta ikerketak aspaldi hasi zitzaizkigun klima-aldaketaz ohartarazten. Nafarroak haren ondorioei aurrea hartu nahi izan die eta, horretarako, egokitze-neurri goiztiarrak garatu ditu. Horiek, ongi planteatuta, etorkizun hobea eta aurrezpen ekonomiko handiagokoa bermatuko digute».

     

    Hori horrela izanik, lehendakariak Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko Foru Legea aipatu du, joan den legealdian onetsi zena, eta nabarmendu du erakundeak, enpresak eta gizartea «zeinen sentsibilizatuta» dauden «ingurumen-osasuna zaintzeko orduan, energia berriztagarrien aldeko apustu aitzindariak agerian paratzen duen bezala. Arlo horretan, erreferentzia izan da eta da Nafarroa. Nolanahi ere, jarraitu behar dugu gure CO2-aren isuriak are gehiago murrizten. Guztion erantzukizuna da».

     

    Unai Hualdek amaitzeko eskerrak eman dizkie Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, Orekan, INTIA, NASUVINSA eta NILSA sozietate publikoei eta NUPi haien elkarlanagatik. «Zortzi urteko ibilbidea egin du proiektuak, eta gehiago etorri beharko dira gure ingurunearen eta bizitzaren osasuna zaintzen jarraitzeko. Eskerrik asko».

     

    Jarraian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari José Mari Aierdik «denok interpelatzen gaituen» eztabaida baten baldintzak aurkeztu eta testuinguruan jarri ditu. «Klima-aldaketak ez die administrazio publikoei bakarrik eragiten; herritarren bultzada eta konpromisoa behar dira exijitzeko, ekoizpen-ehuna, politika sektorialak eta gizarte-ohiturak eraldatzen laguntzeko. Nastaten azken inkestak nabarmentzen duenez, Kanariar Uharteen ondoren, Nafarroa da gai honekin kezkatuen dagoen autonomia-erkidegoa», adierazi du.

     

    Saioa ireki ondotik, herritarrek egin dute solas, eta hizpide izan dituzte tokiko klima-ekintza, nekazaritza, abeltzaintza, ura, basoak, azpiegiturak, lurralde-plangintza, gazteria eta osasuna.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko