Itzuli

Nafarroak zerga figura guztiak arautu eta ECOFIN-ean ahotsa eta botoa eduki ditzan anbizioa eta tinkotasuna eskatu ditu Barkosek Senatuan

Geroa Baiko senatariak UPN salatu du “Hitzarmena jaurtitzeko arma hutsera murrizteagatik”, beste proposamen politikoak erasotzeko edo horiei aurre egiteko erabiltzen baitu

    Uxue Barkos Uxue Barkos
     

     

    Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak Hitzarmen Ekonomikoaren defentsan “anbizioa eta tinkotasuna” aldarrikatu ditu gaur Goi Ganberan, “zerga figura guztiak arautzeko ahalmena eta ECOFINean ahotsa eta botoa edukitzea Espainiako zein Europako erakundeetan eskatzeko”; eta proposamen honetan, azpimarratu duenez, “UPN ikustea gustatuko litzaiguke, egia esan”.

    Zentzu honetan, Barkosek ziurtatu duenez, “Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren defentsa ezin da balizko aukera politikoko uneetara mugatu, baizik eta Nafarroako politikan eta Estatuarekin dugun aldebiko harremanean konstante bat izan”.

    Horregatik, María Jesús Montero presidenteorde eta Ogasun ministroak Katalunian PSC eta ERC alderdien artean lortutako zerga akordioa azaltzeko Senatuan egindako agerraldian, Barkosek adierazi dio “Nafarroako Hitzarmenaren kasuan, premiazkoa dela BEZa bezalako zerga figurak Nafarroak berak arautzeko eduki beharko lukeen eskumenari buruz hitz egitea”. “Bestela, -ziurtatu du- eskubide historikoen aitormena lainoturik geratzen da foru lurraldeek haien zerga politika eraikitzeko duten eskumenean”. 

    Era berean, Geroa Baiko senatariak Ogasun ministroa premiatu du “Nafarroak egiten duen aportazioan Estatuko administraritzen zorra duen karga” berrikus dadin, bai eta “ECOFINean egoteaz gain, Estatuko Ogasun ezberdinek bertan ahotsa eta botoa eduki dezaten”. 

    Halaber, Barkosek ohartarazi du ez duela onartuko “konfrontazio alderdikoi interesatuen klima honetan inork Hitzarmen Ekonomikoa edo Itun Ekonomikoa erabiltzea, ez ariete moduan ez eta batzuen gaitasun eza politikoak lasaitzeko harea zaku moduan ere”. “Eta honetaz gain ere badiot, Hitzarmen Ekonomikoaren defentsa ezin dela beste proposamen politikoak erasotzeko erabili, Hitzarmena jaurtitzeko arma hutsera murriztea baita hori”, ziurtatu du Barkosek, UPNk gai honetan mantendutako jarrerari erantzunez. 

    “Paktu berriak eta akordio berriak lortzeko aurrerapausoak ukatzeko ezin dira eskubide historikoak erabili", erantzun dio Barkosek Goi Ganberan UPNko ordezkariari, honi gogoraraziz gainera “Hitzarmena ez dela insolidarioa, baina eskubide historikoen kontzeptuaren erabilera hau bai izan daitekeela”. 

    “Erakundeak ez ditugu jarriko gizarteak dituen erronken maila berean, Espainiako alderdi nagusiek gai honetan ostruken moduan burua ezkutatzen jarraitzen duten bitartean, eta PPri buruz ari naiz, baina baita ere PSOEri buruz, gaur analizatzen ari dugun akordioetara hauteskundeen emaitzek estutu ondoren bakarrik iristen baita, eta azken honetan PSOEri buruz ari naiz, baina baita ere PPri buruz”, kritikatu du Geroa Baiko senatariak. 

    Azkenik, Barkosek PP premiatu du “kontzeptuen zentzutasunaren bidera itzul dadin”, eta formakuntza honek erabili dituen “sezesionismo fiskal” edo “kupo separatista” bezalako esaldiak kritikatu ditu. “Adierazpen hauekin herritarrak, «lapurtzen digute»garrasipean, batzuk besteen aurka jartzea bilatzen da, baina egian den gauza bakarra zera da, azken 20 urteotan inoiz ez dutela onartu hautestontzietan islatu den Kataluniako gizartearen gehiengoaren gustukoa den finantzaketa eredu batean aurrera egitea”, ziurtatu du

    Izena eman gure buletina jasotzeko