Nafarroako aldaketa politikoaren 10 urteetan bere ezinbesteko papera aldarrikatu du Geroa Baik
Uxue Barkosen gobernua inflexio puntua izan zen Nafarroan eta oraindik gaur dirauen aldaketa sakon honen oinarriak jarri zituen
2015ean Nafarroaren gobernagarritasuna eraldatu zuen aldaketa politikoaren hamargarren urteurrena dela eta, Geroa Baik oso modu positiboan baloratu du koalizioak azken hamarkadan egindako ibilbidea, Foru Komunitatearen norabide politikoa zuzentzen jarraitzen duen gehiengo aurrerakoi eta plural baten eraikuntzan eta finkapenean ezinbestekoa izan den aktore politiko moduan duen papera aldarrikatuz. Geroa Bai gabe Nafarroan ez litzateke aldaketarik egongo, ez eta gaur gehiengo aurrerakoirik ere.
2015ean, hamarkadetan lehen aldiz, erabat aurrerakoia eta plurala zen Gobernu bat eratu zen, Nafarroako politikagintzaren bi tabu handiak hautsiz. Uxue Barkosen Gobernuarekin, Geroa Bai prozesu historiko baten buruan jarri zen, horrek aro berri bat irekitzea ahalbidetuz, politika publikoetan, kultura instituzionalean eta gobernatzeko moduan egiturazko aldaketa baten oinarri sakonenak jarriz. Aldaketa sakona, eraldatzailea eta iraunkorra izan zen, hamar urteren buruan frogatu den moduan.
Ordutik hona, Geroa Bai indar politiko koherentea, arduratsua eta Nafarroarekin konprometitua dela frogatu da. Eskubide sozialen alde, garapen ekonomiko jasangarriaren alde, aniztasunaren, autogobernuaren eta bizikidetzaren alde parlamentuko gehiengoak artikulatzeko gako izan den indar politikoa.
Koalizioak aitortu duenez, ez da bide erraza izan, baina bai erabat eraldatzailea, eta gogorarazi du Geroa Bairen konpromiso tinkorik gabe Nafarroak ez lukeela anbizio hain handiko proiektu politikorik edukiko ez eta denboran zehar hain tinkoa. Halaber, Geroa Bairen aburuz, denborak azkenean arrazoia eman dio, garai hartan koalizioak jarritako aldaketaren oinarri horiek, zailtasunekin jarriak, baliagarriak izateaz gain, gaur Nafarroako gehiengo sozial eta politikoak bere egin baititu.
Gaur, hamar urteren ondoren, etorkizunari egonkortasunarekin, aurrerapenarekin eta gizarte zein lurralde kohesioarekin begiratzen dion Nafarroa batekin bere konpromisoa berresten du Geroa Baik. Eta gehiengo aurrerakoi hori parlamentuko akordioetan artikulatzeko eta herritarrentzako politika baliagarrietan bihurtzeko nahitaezko aktore politiko moduan aldarrikatzen du bere burua koalizioak.
Geroa Baik adierazi duenez, 2015ean hasitako aldaketa politikoa ez da helmuga, baizik eta gaur oraindik dirauen eraldaketa baten abiapuntua, eta Nafarroa plural, zuzen, moderno eta erabat demokratiko baten alde lanean jarraitzeko bere borondatea berresten du.