Itzuli

Nafarroako aurrekontuen aurreproiektua 2024 urteko erronka sozial eta ekonomikoei bermeekin aurre egiteko aparteko tresna dela balioetsi du Geroa Baik

Osasungintzan aurreikusten den inbertsioa azpimarratu du, koalizioaren lehentasun politiko argiaren adierazgarri baita

    2024 urterako aurrekontuen aurreproiektuaren onarpena balioetsi du Geroa Baik, “zerbitzu publikoen kalitatea bermatzeko, gizarte kohesioa lehenesteko eta garapen ekonomikorako funtsezko tresna izango baitira”.

    “Inflazioa, tipoen gorakada eta kostuen handitzea protagonista izan dituen urte ekonomiko bati egin beharko dio aurre Nafarroak, kostuei dagokienez energian egondako gorakada azpimarratuz bereziki, zenbait herrialdetan egondako gerrek eta horien talka globalak eraginda, horregatik da hain garrantzitsua aurrekontu orekatu batzuk edukitzea, Nafarroako gizartearen beharrizanei aurre egiteko balioko duten alor estrategikoetan inbertsioekin, bereziki ziurgabetasun sozial eta ekonomikoaren eszenatoki honetan”, azaldu du Geroa Baik.

    Aurrekontuen aurreproiektuak gastu sabaiaren hedapena aurreikusten du 2023 urtearekin alderatuz, eta zehazki, Geroa Baik Osasungintzan aurreikusitako inbertsioa balioetsi du, “koalizioaren lehentasun politiko argiaren adierazgarri baita”, eta gogorarazi duenez, Geroa Baik programa akordioan bertan eskatu zuen jada “Nafarroako osasungintzari aurre egiteko nahikotasun finantzarioa”. Modu honetan, Fernando Domínguez buru duen departamentuak %10 handitu du bere aurrekontua 2023 urtearekin alderatuz, Osasunbideak aurre egin beharreko erronkei modu integralean heltzeko helburuarekin. Helburuen artean itxarote zerrenden murrizketa, ikerketa eta berrikuntza daude, bai eta osasun sistema publikoari balioa emateko beharrezkoak diren inbertsio estrategikoak ere.

    Bestalde, Geroa Baik azpimarratu duenez “2024 urterako kontuek Nafarroaren garapenerako funtsezkoak diren erronkei aurre egiteko balioko dute, hala nola klima aldaketaren krisialdiari, trantsizio digitalari eta ekologikoari erantzuna eman, ekonomia zirkularraren aldeko apustua eginez eta sektore industriala sendotuz, horretarako lurraldearen garapen orekatu baten alde eginez, berrikuntzan, autokontsumoan eta deskarbonizazioan jarriz ardatzak”.

    Halaber, koalizioaren arabera “aurrekontuen aurreproiektuak kanpo ekintzaren ildo estrategikoak finkatzen eta sendotzen ditu, bai eta oroimen eta bizikidetza alorrekoak ere, biktimen aitorpenerako aurrekontu nabarmena bermatuz”. Eta euskara alorrean, Geroa Baik nabarmendu du “gobernuaren aurreproiektuan aurreikusten den gorakadak hizkuntzari bultzada emateko balioko duela, helduen euskalduntzean, gazterian eta eremu sozioekonomikoan arreta berezia jarriz gainera”.

    Azkenik, Geroa Baik ziurtatu duenez “aurrekontu proiektuaren parlamentuko tramitazioan lanean jarraituk du, zuzenketen bitartez hobetzeko helburuarekin, lurraldearen kohesio eta oreka ikuspegia eskainiz”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko