Nafarroako Gobernua premiatzen da Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen garapena susta dezan, arrisku psikosozialak kontuan hartuz
Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Osasun Departamentuaren eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren arteko lankidetza sinergiko bat ezar dezan, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen garapenari bultzada nabarmena emateko, azpimarra arrisku psiko-sozialetan jarrita”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea indarrean sartu zenetik pasa diren 25 urteen errepasoa egiten du, eta ondorioztatzen duenez, “prebentzio-kultura sustatzeko eta garatzeko unea da, arrisku psikosozialak bereziki azpimarratuz, langileen segurtasuna eta osasuna lehenesten lagunduko duena, are gehiago orain, lanaldian zehar infartuen eta garun-isurien ondoriozko heriotzak baitira laneko istripuetako heriotzen lehendabiziko kausa”.
Horri dagokionez, honako hau azpimarratzen da: jazarpen moralaz eta laneko jazarpenaz harago, zeinak egoera deigarriak izan baitaitezke, sufrimendu kronikoa gertatzen da, sarri askotan baliaezintasuna eragiten duten depresioak ekarrita, bai eta bestelako istripuak izateko arriskua areagotzea ere, “baina arreta handiagoa jarri behar zaie ohiko lan-istripuekin zuzenean lotutako arrisku psikosozialei edo horien kausei”.
Izaera psikosozialeko faktoreen ondoriozko arriskuak edo segurtasun falta justifikatzeko zailtasunak kontuan hartuta, gaur egun agertzen diren eta etorkizuneko joera diren datu eta beharren bilakaera aztertzeko deia egiten da. Hori guztia, enpresak sentsibilizatzeko eta osasuna lehenets dezaten sustatzeko, baita arlo horretako politika publikoak birbideratuz ere.
Ana Ansa