Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau indarren arteko akordioa superabitaren 113 milioiak inbertsio ezberdinetan erabiltzeko
Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau indarrek finantzarioki jasangarriak diren inbertsioei buruzko lege proposamen bat erregistratu dute ostegun honetan, 113 milioi euro aurreikusiz hainbat proiektutarako, hala nola ikastetxeak, osasungintzan inbertsioak eta Foruzaingoaren egoitza berria, besteak beste, bai eta udalek egingo dituzten beste gastu batzuk.
Milioi horien jatorria iaz Foru Komunitateak lortutako superabitean dago, Estatuaren aldetik 215 milioi itzuli baitziren Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazioaren ondoren. Gainontzeko dirua zorra amortizatzeko erabili da bere gehiengoan.
Legeak Nafarroako Gobernuaren babesa du eta premiazko tramitazioarekin eta irakurketa bakarrean egiteko erregistratu da, modu horretan datorren urriaren 4ean onartu daitekeelarik.
Proposamenak bi atal ditu. Lehena Toki Inbertsio Planari ematen dizkion 20 milioiekin, udalek abenduaren 31 baino lehen esleitu beharko dituzten inbertsioekin, eta bigarrena, gainontzeko diruarekin, Nafarroako Gobernuko departamentu ezberdinen proiektuak egiteko.
Koldo Martínez Geroa Baiko bozeramaileak azaldu duenez, lege hau Estatuko Aurrekontu Orokorretako 116 xedapen gehigarriaren estalpean aurkeztu da, “gastu sabaiarekin bete duten eta superabita izan duten komunitateei ahalbidetzen baitie superabit hori finantzioki jasangarriak diren inbertsioetan erabiltzea”.
Koldo Martínezen arabera, “Nafarroa hau betetzea lortu duten hiru komunitateetako bat da eta 2015eko egoeratik abiatuz lortu du, hau da Nafarroako diru-kutxa ia hutsik zegoenean, eta une honetara iritsi gara, Gobernuaren kudeaketa zuzen bati esker superabita lortuz, eta xedapen gehigarri horrek eskaintzen duen mekanismoa erabiltzeko aukera edukiz”.
Taldeek deialdia egin die gainontzeko parlamentu taldeei arau honi haien babesa emateko.