Itzuli

Nafarroako Gobernuaren eskutitzekin Elizondoko bizilagun batzuek izandako arazoak konpontzea proposatu du Geroa Baik

2012an burutu zen kale izen eta atari zenbaki batzuen aldaketak arazoak sortzen ditu oraindik, helbide batzuk oraindik ez baitira eguneratu

Baztango Geroa Baik mozio bat erregistratu du Udalbatzan eztabaidatu dadin, Nafarroako Gobernuaren eskutitzak jasotzen ez dituzten Elizondoko bizilagunek jasandako arazoei konponbidea jartzeko helburuarekin.

2012an Baztango Udalak Elizondoko kale batzuen izenak aldatu zituen, bai eta zenbait atariren zenbakiak ere, Udalak aldaketa horien berri Nafarroako Gobernuari eman ziolarik. Hala ere, gaur egun oraindik helbide zaharretara bidaltzen dituzte eskutitzak, eguneratu gabeko helbideetara alegia.

Nafarroako Gobernuak bere datu basea eguneratzea proposatzen du koalizioak, bai eta kaltetutako bizilagunek aldaketak jakinarazteko Iruñera joan behar ez izateko baliabideak eskuragarri jar ditzan ere. Halaber, Udalak prozesu honetan bitartekari lanak egitea eskatu du ere, jabeei haien helbideak eguneratzeko beharra gogoraraziz, bai eta horren gaineko jarraipena eginez.

Bestalde, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik “Covid-19” helbidera eskutitzak bidaltzen ari direla jakin ondoren, organismo honek Baztango bizilagunei korrespondentzia haien posta helbideetara bidal diezaien eskatzea proposatu du koalizioak, “Covid-19” helbidera egin ordez, halakorik ez baitago Baztanen, agerikoa den moduz.

Izena eman gure buletina jasotzeko