Nafarroako Gobernuko lehendakaritzarako eta Iruñeko alkatetzarako hautagaiak aukeratzeko primarioen prozesua hasi du Geroa Baik
Nafarroako Gobernuko lehendakaritzarako eta Iruñeko Udaleko alkatetzarako hautagaiak aukeratzeko primarioen prozesua hasi du Geroa Baik.
Geroa Bairen Batzorde Iraunkorrak hamar eguneko epea irekitzea erabaki du (atzotik hasita irailaren 15era arte, bi egunak barne) hautagaiak aurkezteko. Aurkeztu ahal izateko, hautagaiek Geroa Bai osatzen duten antolakunde baten babesa (EAJ/PNV, Atarrabia Taldea, Zabaltzen edo Atxikitakoen taldea), bi herriguneren babesa edo 15 geroabaikideren babesa eduki beharko dute, beti ere proposatutako pertsonaren onarpena beharrezkoa izango delarik. Baldintza moduan, hautagaiak elebiduna izan beharko du (euskara eta gaztelera).
Hautagaiak aurkezteko epearen barruan pertsona bakarra aurkezten bada, hura modu automatikoan izendatuko du zerrendaburu Batzorde Iraunkorrak.
Hautagai izateko pertsona bat baino gehiago aurkeztuko balitz, Batzorde Iraunkorrak izendatutako hautagai guztiak jakinaraziko dizkie herriguneei eta egun eta ordu zehatza finkatuko ditu herrigune guztiek bilkura egin dezaten, modu presentzial eta sekretuan herriguneko kide guztiek aurkeztutako hautagaiak bozkatu ditzaten.
Herriguneei jakinarazpen hori egin eta bilkura horiek egin bitarteko epean, hautagaiek haien hautagaitza aurkezteko herriguneekin kontaktuan jartzeko aukera edukiko dute, horretarako antolakundeak bere esku dituen baliabideak jarriko dizkielarik.
IRUÑEKO ALKATETZARAKO HAUTAGAIAREN AUKERAKETA
Iruñeko Udalerako Geroa Bairen zerrendaburuaren izendapenari dagokionez, Iruñeko Hiriguneko Koordinazio Mahaiak hamar eguneko epea ezartzea erabaki du (atzotik hasita irailaren 15era arte, bi egunak barne) hautagaiak aurkezteko. Aurkeztu ahal izateko, hautagaiek EAJ/PNV, Zabaltzen edo Atxikien taldearen babesa eduki beharko dute, edota hiriguneko eskubide osoko 10 kideren babesa, beti ere proposatutako pertsonaren onarpena beharrezkoa izango delarik, bai eta elebiduna izatea ere (euskara eta gaztelera).
Hautagaiak aurkezteko epearen barruan pertsona bakarra aurkezten bada, hura modu automatikoan izendatuko du zerrendaburu Iruñeko Hiriguneko Mahaiak, izendapena Batzorde Iraunkorrari jakinaraziz.
Pertsona bat baino gehiago hautagai izateko aurkeztuko balitz, Hiriguneko Koordinazio Mahaiak izendatutako hautagaiak jakinaraziko dizkio Hiriguneari eta egun eta ordu zehatza finkatuko ditu Iruñeko Udalerako zerrendaburua aukeratzeko bozketa egiteko. Bozketa modu presentzial eta sekretuan egingo da, eta boto gehien lortzen dituen hautagaia izendatuko da zerrendaburu.
Hautagaien jakinarazpena egin eta bozketa egin bitarteko epean, hautagaiek hiriguneko kideekin kontaktuan jartzeko aukera edukiko dute haien hautagaitza aurkezteko, horretarako antolakundeak bere esku dituen baliabideak jarriko dizkielarik.