Itzuli

Nafarroako ospitale guneen segurtasuna ebaluatzea eta sendotzea eskatu du Geroa Baik

Foruzaingoa ospitaleetako segurtasun lanetan aritzeko aukera azter dadila eskatu du gainera Ana Ansa parlamentariak

    Ana Ollo Ana Ollo

    Nafarroako ospitale guneen segurtasuna ebaluatzea eta modu eraginkorrean sendotzea eskatu du Geroa Baik, aurkitu daitezkeen urritasunei konponbidea emanez. Segurtasun neurriak osasun etxeetara ere hedatzeko aukera ikertu dadila eskatu du gainera Ana Ansa koalizioko parlamentariak, bai eta Foruzaingoa ospitaleetako segurtasun lanetan aritzeko aukera azter dadila ere.

    “Segurtasunaren ebaluazio bat burutzea proposatzen dugu, horretarako zinpeko zaindari kopurua, zaintza bereziko puntuak eta gaur egun Nafarroako ospitale guneetan jazotzen diren gertakari ohikoenak ikuskatuz, aparkalekuak barne”, azaldu du Ansak, era berean ziurtatuz “osasun arreta onartezinak diren arriskuz edo istripu-arriskuz libre burutzea bermatu behar duela ospitaleetako segurtasunak”.

    Zehazki, Geroa Baiko parlamentari eta Osasungintza bozeramaileak ekimen bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan, “fokoa handitzeko eta ospitaleko segurtasunari heltzeko helburuarekin, hau da, osasungintza alorrekoak ez diren segurtasunarekin harremana dutenak, une batean edo bestean eraso baten biktima izan daitezkeen osasun alorreko langile eta gaixoen segurtasunari dagokiona, hala gertatu baita berriki Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko kafetegiko langile batekin”.

    Ansa parlamentariak gainera nabarmendu duenez, “lapurretak ekiditea beharrezkoa da, duela egun gutxi NUOan endoskopioekin gertatu zela jakin baikenuen, edo ospitaleetako eraikinetan dauden gaixo zein profesionalen ondasunak babestea ere”. “Honako gai hau ez da noizbehinkako kontua eta gorantzako joera du Estatuko ospitale guztietan”, azpimarratu du.

    “Ospitalea oso toki berezia da, bertan ematen diren zerbitzuak, arrazoi ezberdinengatik une latzak bizitzen ari dituzten pertsonei zuzendurik daude eta bertan lan egiten duten langileek tentsio plus bat dute, haien jarduerarenak propioak diren ezaugarriak direla eta. Horregatik guztiagatik, osasun gune seguruak mantentzearen alde egiten dugu eta horretarako ospitale guneetako segurtasuna ebaluatu eta modu eraginkorrean sendotu behar dugu”, adierazi du Geroa Baiko parlamentariak.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko