Itzuli

Nafarroako Parlamentua argi eta garbi azaltzen da emakumeen eskubideen eta askatasunen alde

Ganberaren gehiengoak olatu inboluzionistaren arriskuaz ohartarazi du eta berdintasun politikak zalantzan jartzen dituen edozein ekintza edo ekimen politiko baztertzeko konpromisoa hartzen du

    Blanca Regúlez Blanca Regúlez

    Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren, Contigo-Zurekinen eta atxiki gabeko parlamentariaren aldeko botoekin eta talde Mistoaren aurkakoarekin. Horren bidez, Nafarroako Parlamentua “argi eta garbi azaltzen da emakumeen eskubide eta askatasunen alde”.

     

    Onetsitako ebazpenak bigarren atalean adierazten duenez, Foru Legegileak “eskubide horiek defendatzen dituzten Nafarroako instituzio, entitate feminista eta gizarte-erakunde guztien lanarekiko konpromisoa erakusten du”.

     

    Era berean, Nafarroako Parlamentuak “berariaz baztertzen du emakumeen eskubideak mugatu, murriztu edo zalantzan jarri nahi dituen ekintza edo ekimen politiko oro”. UPNk talde Mistoarekin batera atal honen aurkako botoa eman du eta gainerakoek alde bozkatu dute.

     

    Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatu duen ebazpenak “Europan eskuin muturrak emakumeen eskubide eta askatasunentzat suposatzen duen benetako mehatxuaz” ohartarazten du, baita Espainian ere, non sexu- eta ugalketa-eskubideak kolokan jartzen hasten diren, indarkeria matxisten existentzia ukatzearekin batera eta “emakumeen defentsan eta bizitza duina, librea eta gizonen baldintza berberetan bizitzeko eskubidearen defentsan lan egiten duten baliabide publiko eta pribatuak” zalantzan jartzearekin batera.

     

    Horri dagokionez, “olatu inboluzionistaren” tamainaren berri emateko, Oxfam Intermónen txosten bat aipatzen da —Europa feminista?—. izan ere, txosten horrek argi uzten du Europar Batasunak berriki hartutako genero-berdintasunerako politiken egoera prekarioa eta ohartarazten du politika horiek mehatxupean daudela eskuin muturraren igoeragatik, eta alderdi horiek “sistematikoki bozkatzen dutela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko neurrien aurka”.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko