Itzuli

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak XI. Legegintzaldiaren hirugarren urteari buruzko jardueren oroitidazkia aurkeztu du

Unai Hualdek azpimarratu du "irregulartasunekin eta ustelkeria politikoarekin" lotutako gaurkotasunaz haratago, "Ganberaren egunerokoa zerbitzu publiko onean oinarritzen" dela

    Unai Hualde Unai Hualde

    Nafarroako Parlamentuko Lehendakari Unai Hualdek XI. Legegintzaldiaren hirugarren urteari buruzko Nafarroako Parlamentuaren Jardueren Oroitidazkia aurkeztu du gaur (2025-05-28/2026-05-28). “Intentsitateak eta jarraikortasunak markatutako ekitaldia” izan da, 2.461 ekimen zenbatu dira, aurreko ikasturtean baino 38 gehiago.

     

    Legegintzaldiaren bigarren urte honetan 22 foru-lege onetsi dira; horietatik 17 Nafarroako Gobernuak igorri dituen proiektuen fruitu izan dira, eta beste 5ak, berriz, Legebiltzarreko talde politikoek aurkeztu dituzten proposamenen fruitu (beste hiru ezetsiak izan dira eta 5 ez dira aintzat hartu). Gainera, foru-lege dekretu bat baliozkotu da eta legegintzako foru-dekretu bat onetsi da.

     

    Gobernuaren jarduna kontrolatzeko eta bultzatzeko eginkizunaren baitan, 27 interpelazio eta 861 galdera aurkeztu dira. Horietatik, 418 Osoko Bilkuran edo batzordean erantzun beharrekoak izan dira, eta 443 idatziz erantzutekoak.

     

    Gobernuak 135 agerraldi-eskaera jaso ditu, Parlamentuko batzordeetan bere kudeaketaren berri emateko. 98 lan-bilkura ospatu dira eta 26 bisita egin dira.

     

    Gobernuaren jarduketaren gaineko kontrolaren eta pronuntziamendu politikoaren atalean, 1.077 informazio-eskari erregistratu dira eta 13 adierazpen instituzional eta 85 ebazpen onetsi dira (139 aurkeztu dira, eta horietatik 39 errefusatu eta 15 erretiratu dira). Horrek erakusten du eguneroko politiko eta sozialaren jarraipen sakona egin dela.

     

    Legebiltzarraren organoek 502 bilkura egin dituzte (512 bilera); horietatik, 36 Osoko Bilkurari dagozkio, 13 Mahaiari, 41 Mahaiari eta Eledunen Batzarrari eta 380 batzordeei. Horien artean, nabarmentzekoak dira Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordea (38), Kultura, Kirol eta Turismo Batzordea (24), Hezkuntza Batzordea (31), Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordea (26), Osasun Batzordea (23), Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Batzordea (14) eta Lehendakaritza eta Berdintasun Batzordea (24).

     

    Aldi honetan, Nafarroako Parlamentuak honako hauek izendatu ditu: Ibai Crespo Luna, Euskararen Nafar Kontseiluko kide; Idoia Sara Pérez, Patricia Ruiz de Irizar, Eva Azanza Bengoexea eta Josu Reparaz Leiza, NUPeko Gizarte Kontseiluko kideak; Miguel Pascual Cuesta, Nafarroako Kutxa Fundazioko patronatuko kidea; Gustavo de Guzmán Muñoz, Nafarroako Gizarte Zerbitzu Publikoak Kudeatzeko Fundazioko patronatua; eta Joseba Mikel Arregi, Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluko kidea.

     

    Zifra horiekin, Unai Hualdek azpimarratu du Nafarroako Parlamentuaren jarduera “bizia” dela, eskumen-maila handia duelako eta Gobernuaren gutxiengoak akordioak bilatzeko elkarrizketa behartzen duelako.

     

    Ildo horretatik, Unai Hualdek nabarmendu ditu 2026rako Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko Legea eta Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Legea, Etxebizitza eskuragarria izateko eskubideari buruzkoa, gelen errentamenduari buruzkoa eta boluntariotzari buruzkoa, bai eta ingurumen-eraginari eta toki-ogasunei buruzkoen aldaketak ere.

     

    Ikuspegi politiko batetik, lehendakariak Nafarroako Gobernuaren obra publikoen lizitazioari eta esleipenari buruzko Ikerketa Batzordea aipatu du (51 saiorekin), ikertu diren obra publikoen esleipenaren inguruan "gertatutako guztia zehatz-mehatz ezagutzen saiatzeko egindako azterketa-lan zorrotza" nabarmentzeko.

     

    Unai Hualdek Lorafna eguneratzeko Ponentzia ere aipatu du, gaineratuz ekimenaren jatorrizko helburua betetzeko gehiengoak lortzea espero duela, hau da, "gure oinarrizko lege instituzionala XXI. mendeko Nafarroako errealitate sozialera eta herritarren sentimendura egokitzeko. Orain, taldeek irailaren 29ra arteko epea dute txostena egiteko oinarri izango diren ondorioak aurkezteko". Antzera mintzatu da Estellerriko garapen sozio-ekonomikoa aztertzeko Ponentziarekin eta 2021-2030 aldirako Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunaren jarraipena eta kontrola egiteko batzorde espezifikoarekin.

     

    Era berean, Nafarroako Paramentuak lankidetza hitzarmenak berritu ditu Nafarroan dauden unibertsitate guztiekin (NUP, Nafarroako Unibertsitatea eta UHUN). "Helburua bikoitza da. Sinergiak bilatzea esparru akademikoko talentu zientifiko eta teknikoari Parlamentuan etekina ateratzeko, eta erakundearen egunerokotasuna unibertsitate-komunitateari hurbiltzea, hitzaldien, bisiten edo eztabaida-txapelketen bidez", adierazi du Hualdek.

     

    Bestetik, Parlamentuak agenda oparoa izan du omenaldi, jardunaldi, erakusketa eta ekitaldiei dagokienez, Nafarroako elkarte sare garrantzitsuarekin batera. “Legegintza- eta kontrol-jardueraz haratago, ordezkatzen ditugun herritarrak erakartzeko ideiari eusten diogu. Alde batetik, ia astero bilerak egiten dira elkarte, kolektibo eta erakundeekin. Bestalde, programa soziokultural bizi bat dugu, zeinaren adierazpen nagusia Nafarroaren Egunaren inguruan biltzen baita. Parlamentuaren Domina eman zaio aurten Palestinako herriari", gogorarazi du Lehendakariak.

     

    “Laburbilduz, urte mardula izan da, oraindik ere lege garrantzitsu batzuk tramitatzekoak dituen legegintzaldi baten amaierara iritsi aurrekoa. Hedabideak betetzen dituzten ustelkeria-kasuez harago, oroitidazki honek ematen didan aukera baliatu nahi nuke jardunbide egokien, zerbitzu publiko onaren eta politika onaren aldeko apustua aldarrikatzeko. Horretan ahalegintzen gara egunero Nafarroako Parlamentuan”, amaitu du Unai Hualdek.

    Izena eman gure buletina jasotzeko