Itzuli

Nafarroako trenbide sistemaren modernizatzean dauden atzerapenei buruz galdetu dio Koldo Martínezek Gobernuari

“Agian Sánchezen Gobernuak nahiago du gure ekarpenak oposizioa kontrolatzeko programa espioiak erosteko erabili, mende bat baino gehiago duen azpiegitura bat hobetzeko erabili ordez”

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak Gobernu zentralari zuzenduriko galdera bat erregistratu du, Estatuak Nafarroako trenbide azpiegitura hobetzeko lanak zergatik atzeratzen dituen ezagutzeko helburuarekin. Martínez Urionabarrenetxeak bere idazkian gogorarazi duenez, nafarrek %1,6ko ekarpena egiten diote Estatuari, Foru Ogasunak transferitu gabeko eskumenengatik egiten duen aportazioaren bidez, eskumen horien artean trenbide sarearena dagoelarik, eta baliabide hauek beste erkidegoetan xahutzen dira Nafarroarentzako izan ordez. “Agian Sánchezen Gobernuak nahiago du gure ekarpena oposizioa kontrolatzeko programa espioiak erosteko erabili, mende bat baino gehiago duen trenbide azpiegitura bat hobetu ordez, Nafarroako herritarrei garraiobide eraginkor bat ukatuz eta Europar Batasunak estrategikoak ez direla dioen beste tokietan AHT jartzeko guztionak diren baliabideak bideratzen dituen bitartean”, nabarmendu du Geroa Baiko senatariak.

    Gobernuari egindako galderaren hitzaurrean, Koldo Martínezek gogorarazi du “Sánchezen Gobernuak Nafarroari dagokion abiadura handiko trenbidearen kostuaren %5 baino gutxiago exekutatu duela legegintzaldi honetan. 2.469 milioiko inbertsioa da Garraio Ministerioaren datuen arabera eta 2018tik hona 103 milioi bakarrik gastatu dira”.

    “Nafarrok, Hitzarmenetik eratorrita egiten dugun ekarpenaren bitartez, Estatuak burutzen duen trenbide inbertsio guztiaren %1,6 ordaintzen dugu. Hau da, Madril-Sevilla, Madril-Bartzelona eta martxan dauden AVE guztien %1,6 ordaintzen dugu. Hala ere, Nafarroak ez du abiadura handiko trenbide kilometro bakar bat ere”, salatzen du bere idazkian Koldo Martínezek.

    Senatari autonomikoak Gobernuari galdetu dio zein den horren arrazoia, zergatik Nafarroak ez duen oraindik prestazio handiko trenik, nahiz eta Penintsularen eta Europaren arteko komunikazio ardatz nagusian kokaturik egon eta Europar Batasunak lehentasunezko azpiegitura dela aldarrikatu.

    Era berean, Koldo Martínezek galdegin du ea Nafarroan prestazio handiko trenean egiteke dauden zatien lizitazioa bizkortzea aurreikusten ote duen Gobernu zentralak. Eta hala bada, zein epe aurreikusten dituen.

    Azkenik, Geroa Baiko senatariak bere haserrea agertu eta galdetu du ea “Gobernuak aurreikusten ote duen Estatu osoko trenbide sareko inbertsioak ordaintzeko Foru Komunitateak urtero egiten duen ekarpena Nafarroan inbertitzea, gaur egun ia ez baitago inbertsiorik Nafarroan, duela mende bateko trenbide azpiegitura bera dagoelarik, Penintsula eta Europa lotzeko rol bera ez duten beste erkidego autonomoetan ez bezala”. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko