Itzuli

Nafarroan etxebizitza ordainerraza izateko eskubideari buruzko foru-lege proposamena aintzat hartzea onetsi da

Helburua da araudia egokitzea higiezinen merkatuaren bilakaerara eta higiezin-sail egoki bat eskuragarri egotea baldintzatzen duten egitura-aldaketetara

    Itxaso Soto Itxaso Soto

    Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin eta UPN, PPN, Talde Mistoa eta atxiki gabeko parlamentariaren aurkako botoekin, onetsi du Nafarroan etxebizitza ordainerraza izateko eskubideari buruzko foru-lege proposamena aintzat hartzea. Ekimen horrek Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua aldatzen ditu.

     

    PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek sustatutako foru-lege proposamenaren xedea da Nafarroan sortutako etxebizitza-larrialdiko egoerari erantzutea eta araudia egokitzea higiezinen merkatuaren bilakaerara eta higiezin-sail egoki bat eskuragarri egotea baldintzatzen duten egitura-aldaketetara, herritarrei, bereziki etxebizitza arloko bazterkeria arriskuan dauden kolektiboei, etxebizitza eskura dezaten erraztasunak emate aldera.

     

    Horretarako, edukitzak dibertsifikatzeko, etxebizitzen sustapena eta birgaikuntza bultzatzeko eta lankidetza publiko-pribatua laguntzeko, zenbait aurreikuspen egiten dira, besteak beste, etxebizitza babestuen kalifikazio-araubideak, adjudikazio-prozedurak eta  berrikusteko bizileku-moldeak berrikusteko.

     

    Besteak beste, erosteko aukeradun errentamenduaren araubidea bertan behera uzten da, eta errentamendu ordainerrazaren araubidea txertatzen, bai eta jabetza-araubidea ere, halako moldez non, orain, titulartasuna erabatekoa nahiz azalera-eskubideduna izaten ahalko baita.

     

    Esleipen-prozedurei dagokienez, errentamendu-araubideko eta errentamendu ordainerrazeko araubideko etxebizitzak eskuratzeko prozesuetan baremazio-sistema zozketa-sistemarekin ordezten da, gizatalde jakin batzuentzako erreserba orokorren kasuan.

     

    Bestalde, bizileku-molde berriak jasotzen dira, hala nola zuzkidurazko bizitokiak, zeinak tankeratuta baitaude titulartasun publikoko ekipamendu komunitario gisa, helburu dutenak gizatalde jakin batzuek bizitoki duin bat eskuratzeko zailtasun-egoera zehatzak txandaka artatzea.

     

    Etxebizitza-ondare publikoa indartzearekin lotuta, Lurzoru Publikoaren Foru Bankuaren zereginak ugaritzea aldezten da, halako moldez non zilegi izanen baitu bere ardurapeko ondasunak bideratzea, etxebizitza babestura ez ezik, zuzkidurazko bizitokietara ere. Horrekin bat, baimena ematen da etxebizitza horiek sustatuak izan daitezen nola eta sektore publikoak, etxebizitza babestuen kudeaketan diharduten kapital mistoko sozietateek, etxebizitza-kooperatibek edo hirugarren sektoreko entitateek azalera-eskubidearen esleipena eginez.

     

    Era berean, Etxebizitza-edukitzaile Handien Erregistroa sortu eta arautzea aurreikusten da. Administrazio-izaerako erakunde bat izanen da, etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari atxikia, eta etxebizitza askoren jabeen kontrola eta jarraipena eginen du.

     

    Aintzat hartu ondoren, Nafarroan etxebizitza ordainerraza izateko eskubideari buruzko foru-lege proposamena Etxebizitza Batzordeari igorriko zaio, hark irizpena eman dezan, eta Osoko Bilkurak haren gaineko azken eztabaida eta bozketa eginen du.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko