Itzuli

Nafarroan gobernu aurrerakoi eta anitzak bermatzeko eragile moduan aldarrikatu du bere burua Geroa Baik

Geroabaikideekin egindako ekitaldi batean, Nafarroan gobernu sendo eta egonkor bat bermatzeko gobernukideen arteko leialtasuna eta errespetua eskatu du koalizioak

    Uxue Barkos Uxue Barkos

    Geroa Baik bilera bat egin du koalizioko afiliatu eta zaleekin, bertan egungo egoera politikoa eta datozen hilabeteetan aurreikusten dituzten erronka nagusiak ere analizatuz. Topaketa honen ondoren, “gobernu aurrerakoi eta anitz egonkor, sendo eta tinko” baten aldeko bere konpromisoa berretsi du koalizioak, “leialtasunaren eta elkarrizketaren premisarekin, kideen arteko errespetuarekin eta programa akordioa betez bakarrik izango delarik hori posible”.

    Koalizioaren arabera, “aldebakarreko ekintzak, elkarrizketa falta, presaz jardutea edo xantaia, koalizio gobernu bat tenkatu eta ahultzen duten jokabideak dira, eta gobernu anitz honek elkarrizketarako eta barne akordiorako bide guztiak agortu behar ditu lehenik. “Nafarroako gehiengo aurrerakoia finkatzea ezin da lasterbideen bitartez egin, ez eta kolore bakarreko gobernuaren sindromeekin ere”, salatu du.

    2015ean Nafarroak atzeraezinezko bide bati ekin zion eta “gaur hori finkatzen ari gara”, adierazi du koalizioak, eta zentzu horretan, Geroa Baik “gobernu anitzak bermatzeko eragile gako eta nahitaezko” moduan aldarrikatu du bere burua, “Nafarroak behar dituen politika aurrerakoiak errealitate bihurtzeko, bere erakunde guztietan, bai Nafarroako Gobernuan bai eta udaletan ere”. “Baina anbizio handikoak izan behar dugu, gehiengo aurrerakoi horiek udal esparruan handitzea ezinbestekoa da”, ziurtatu du Geroa Baik. Horretarako, “beharrezkoa da aniztasunaren, aurrerapenaren eta akordioaren aldeko apustu erreal eta tinkoa egitea krispazioaren eta konfrontazioaren politiken aurrean, eta horretarako PSNk Nafarroako antzinako erregimenarekin dituen loturak askatu behar ditu oraindik”, azpimarratu du. “Elkarrizketarekin eta negoziazioarekin konpromisoa, bizikidetzarekin eta gizarte kohesioarekin konpromisoa tinkoa izan behar du bai Nafarroako Jauregian eta Foru Parlamentuan, zein Iruñerriko Udaletan ere”.

    Zentzu horretan Geroa Baik deitoratu duenez, “udal esparruko indar maioritarioak ez dira adostasun formulak aurkitzeko gai izan, horrek Navarra Sumaren gobernuei alternatiba aurrerakoia eraikitzea ahalbidetu lezakeelarik. Horren aurrean Navarra Sumak ezegonkortasun eszenarioak sortu ditu, bai eta 2015-2019 epealdian lortutako aurrerapenekiko atzerapauso argia ere, hala nola Iruñeko edo Eguesibarreko Udaletan”.

    Bestalde, Geroa Baik “anbizio eta ausardia handiagoa” eskatu du “Nafarroako interesak defendatzerako orduan, horretarako autogobernuak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz”. “Inertziekin jardutea ezin da aukera izan, jardunbide mota hauek gure gaitasun propioa, gure eskumen propioak suntsitzen baitituzte azkenean”, nabarmendu du. “Trafiko eskumena, egonkortze LEP, PHT eta Euskal Y-ren arteko lotura edo energiaren krisiaren kasuetan Foru Gobernuak Nafarroaren interes orokorra lehenetsi behar du Moncloak ezarritako beste bideei jarraiki aritu ordez, eta horrela aldarrikatuko dugu Geroa Baitik”, ziurtatu du.

    Azkenik, Geroa Baik ardurak dituen erakunde ezberdinetan burututako lanaren garrantzia azpimarratu du koalizioak, hots Foru Parlamentuan, Nafarroako Gobernuan, Udaletan eta Senatuan, bere lanari esker Nafarroak lehentasunezko esparruetan politika aitzindariak burutzea ahalbidetzen ari duelarik, etxebizitza legea edo berriki onartutako trantsizio ekologiko eta klima aldaketaren legea bezalako punta-puntako legeekin; trantsizio digitalari eta enpleguari heltzeko gako diren neurriekin, bai eta enpresa ehunarengan Ukrainako krisialdiak duen eragina leuntzeko akonpainamenduarekin ere.

    Euskara alorrean, 2015ean ekindako aurrerapausoen finkatzea nabarmendu du ere koalizioak, Nafarroa anitz eta giza eskubideekiko begirunetsu batean berdintasun eta askatasunean oinarrituriko bizikidetzan aurrera egiteko apustu tinkoarekin, bai eta Nafarroa kohesionatuago baten aldeko politikak bultzatuz”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko