Itzuli

Nafarroan oroimen demokratikoko politikei buruzko eztabaida sustatu du Geroa Baik foru Parlamentuan

Koalizioak gainera hiru ekimen eramango ditu osteguneko Osoko bilkurara, Polizien Legearen araudiaren garapenari buruzkoa, zaharberritzerako laguntzen Biziberri Planari buruzkoa eta Nafarroako Ubidearen finantzaketa ereduei buruzkoa

    Jabi Arakama Jabi Arakama

    Nafarroan oroimen demokratikoaren alorreko politikei buruzko eztabaida sustatu du Geroa Baik, datorren ostegunean, abenduak 1, Foru Parlamentuan eztabaidatuko den interpelazio baten bitartez. Koalizioko parlamentu taldeak gainera hiru ekimen erregistratu ditu, Polizien Legearen araudiaren garapenari buruzkoa, zaharberritzerako laguntzen Biziberri Planari buruzkoa, eta Nafarroako Ubidearen 2. fasearen finantzaketa ereduei buruzkoa.

    Jabi Arakama Geroa Baiko parlamentariak nabarmendu duenez “pasa den legegintzaldiko Gobernua izan zen oroimen, biktima eta Giza Eskubideen politikak lehen aldiz bultzatu zituena, duela urte gehiegitik hona erakundeetatik zegoen zorra kitatzeko lan eginez”, eta era berean ziurtatu duenez “beharrezkoa da oroimen eta bizikidetza alorrean aurrepausoekin jarraitzea eta 2015 urtean ireki zen bidean aurrera egiten jarraitzea”.

    Geroa Baik “oroimen integral” baten aldeko duen konpromisoa eta lana berretsi ditu Arakama parlamentariak, “motibazio politikoengatik jasandako indarkeria eta Giza Eskubideen urraketa guztien biktimentzako egia, justizia eta erreparazioa eskatuz”. Halaber, “zentzu honetan pasa den legegintzalditik bultzatu diren politikak sendotzearen” alde egin du, bai eta “horiek berriro ez errepikatzea bermatzeko beharrezkoak diren aldaketa estrukturalei heltzea ere”.

    BESTE EKIMENAK

    Ostegun honetako Osoko bilkuran gainera, Nafarroako Polizien Legearen araudiaren garapenari buruz galdetuko dio Geroa Baik Nafarroako Gobernuko Presidentzia, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariari, Javier Remírezek iragarri ondoren aurtengo abenduan Foruzaingoaren jardunaldi eta diru-sarien araudia sindikatuei aurkeztuko zaiela.

    Koalizioak gainera zaharberritzerako laguntzen Biziberri Planari buruzko ekimen bat erregistratu du, deialdi horiek izaten ari dituzten emaitzen balorazioa egiteko helburuarekin, horiek martxan jarri zirenetik lehen sei hilabeteak igaro baitira jada.

    Azkenik, eta behin Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Nafarroako Ubidearen 2. fasearen proiektua jaso ondoren, eta 249,7 milioi euroko kostuarekin lanak datorren urtean hasteko aurreikuspenarekin, azpiegitura honen fase berri hau osatzeko Nafarroako Gobernuak eta Estatuko Gobernuak maneiatzen dituzten finantzaketa ereduei buruz galdetuko du Geroa Baik.

    Izena eman gure buletina jasotzeko