Nafarroaren ahotsa Madrilera eraman eta bere interesak kanpoko interes eta menpekotasunik defendatzea izan dira kanpaina ixteko Geroa Bairen aldarrikapenak
Pablo Azcona eta Mayte Espinosa hautagaiek igandean parte hartzeko deia egin diete herritarrei, Nafarroaren interesak, autogobernua eta etorkizuna ardatz izango duen ordezkaritzari babesa eskatuz
Nafarroak Madrilen ahots propioa edukitzeko beharra aldarrikatuz eman dio amaiera Geroa Baik hauteskunde orokorren kanpainari, Nafarroaren interesak, bere autogobernua eta bere erabakitze ahalmena defendatzeko gai izango den ahotsa aldarrikatuz. Kanpaina ixteko ekitaldian Pablo Azcona Diputatuen Kongresurako hautagaiak eta Mayte Espinosa Senatuko hautagaiak hartu dute hitza.
Bere hizketaldian, Pablo Azconak kanpainaren balantzea egin du, herritarrekin egindako topaketak eta Nafarroako udalerri ezberdinetan egindako ekitaldiak aipatuz, gizartearekin harreman zuzena mantentzearen garrantzia nabarmenduz eta herritarren proposamenak eta kezkak erakundeetara helaraztearen garrantzia aldarrikatuz.
Azconak azpimarratu duenez, hauteskunde hauek “bipartidismotik eta polarizaziotik haratago doaz” eta jokoan dagoena zera da, “zein Nafarroaren eredu nahi dugun, zein Ongizate Estatu eredu defendatzen dugun eta nor dagoen hori bermatzeko lan egiteko prest”.
Kongresurako hautagaiak berretsi egin du kanpoko estrategien menpe egongo ez den indar politiko bat behar duela Nafarroak, herritar guztien eskubideak, beharrak eta ongizatea lehentasun moduan izango dituena. “Nafarroa ez dago inoren aginduetara. Nafarroa erabakitzeko dago hemen”, ziurtatu du.
Zentzu honetan, Geroa Bairi botoa ematea, autogobernuaren alde, zerbitzu publikoen alde, euskararen, nafar nortasunaren eta geure etorkizunari buruz erabakitzeko gaitasunaren alde egitea dela defendatu du. Gazteek euren proiektuak Nafarroan garatu ahal izateko aukerak bermatzearen garrantzia azpimarratu du ere, bai eta industria sendotzea eta enplegua sortzea, edota herrien etorkizuna bermatzea ere.
Bere aldetik, Mayte Espinosa Senaturako hautagaiak, kanpainan zehar Nafarroa osoko bizilagunekin eduki dituen elkarrizketak azpimarratu nahi izan ditu, horrela haien kezkak, beharrak eta proposamenak jasotzeko aukera eduki baitu, etxebizitza, enplegua, osasungintza, hezkuntza, berdintasuna eta zerbitzu publikoak bezalako alorretan.
Espinosak nabarmendu duenez, gai horien guztien atzean, “pertsonak eta bizitza proiektuak” daude, hala nola Nafarroan geratu nahi diren gazteak, aukerak eta kalitatezko zerbitzu publikoak behar dituzten familiak edo lasaitasunez eta duintasunez bizi nahi duten adineko pertsonak.
Politika herritarrengandik gertu egon behar duela defendatu du Senaturako hautagaiak, haien benetako arazoei erantzunak eskaintzeko entzun eta lan egin behar dela. Halaber, Nafarroaren errealitatea ezagutzen duen, bere aniztasuna defendatuko duen eta arduraz, elkarrizketarekin eta irmo lan egingo duen ordezkaritza bat behar dela aldarrikatu du.
“Kontua ez da, besterik gabe, Madrilen eserleku bat betetzea. Nafarroa Madrilera eramatea eta egunero defendatzea da helburua”, azpimarratu du Espinosak, hautagaitza honi ilusioz eta erantzukizunaren sentimendu sakon batekin aurre egin diola adieraziz.
Bi hautagaiek bat egin dute Nafarroak bere etorkizunarengan erabakitzeko ahalmena eduki behar duela esanez eta bere interesak kanpoko jarraibideen menpe egon gabe defendatuko dituzten ordezkariak behar dituela aldarrikatuz. Defentsa honek, nabarmendu dutenez, herritarrentzako funtsezkoak diren gaiei eragiten die, hots osasungintza, hezkuntza, baliabide propioak eta zerbitzu publikoen kalitatea.
Kanpaina itxieran, egun hauetan parte hartu duten pertsona guztien lana eta inplikazioa eskertu du Geroa Baik, ekitaldietan parte hartu dutenena, proposamenak helarazi dituztenena eta koalizioaren mezua Nafarroa osoan barreiatzen lagundu dutenena. Halaber, kanpainan zehar komunikabideen lana aitortu du ere.
Azkenik, Pablo Azconak eta Mayte Espinosak herritarrak animatu dituzte igandeko hauteskundeetan parte har dezaten eta Nafarroan, haren autogobernuan eta etorkizunean oinarritutako botoa emateko deia egin dute.
“Inork ez dezala Nafarroaren izenean, baina Nafarroa gabe erabaki”, amaitu du Azconak, aldi berean Espinosak aldarrikatuz “Nafarroak ahots propioa edukitzea” merezia duela, bai eta bere interesak benetan defendatuko dituen ordezkaritza bat.
Pablo Azcona