Itzuli

Nafarroaren autogobernuaren aurkako eraso berria salatu du Geroa Baik Auzitegi Konstituzionalaren epaiak direla eta

Foruaren Hobekuntzaren erreforman berme berriak ezartzea eskatu du koalizioak, foru eskumenen higatzea ekiditeko

    Nafarroako Parlamentuak onartutako arauen aurka Espainiako Gobernuak jarritako helegiteak aintzat hartzen dituzten Auzitegi Konstituzionalaren azken epaien aurrean Geroa Baik bere gaitzespena agertu du. “Ebazpen hauek Nafarroaren eskumen esparruaren irakurketa murriztailea erakusten dute beste behin, horrek modu zuzenean eraginez bere autogobernuari”, salatu du.

    Koalizioaren arabera, “Nafarroako Parlamentuak onartutako foru lege bat inpugnatu eta baliogabetzen den bakoitzean, dela modu osoan edo partzialean, sakonki kezkagarria den mezua bidaltzen da Foru Komunitateak aitorturik dituen eskumenen benetako irismenari buruz”. “Ez dira erabaki isolatuak, baizik eta eskumenak higatzen dituen etengabeko dinamika bat, jurisprudentziaren bidetik egina eta foru erregimena ahulduz”, ohartarazi du.

    Halaber, Geroa Baik azpimarratu duenez “bereziki larria da Espainiako Gobernua bera izatea helegite hauek sustatu dituena”. “Pedro Sánchez buru duen Exekutiboak Nafarroaren eskumenak modu sistematikoan judizializatzeko aukera hartzea” deitoratu du koalizioak, “horretarako Auzitegi Konstituzionala tresna politiko moduan erabiliz eta autogobernua zein aitorturiko foru markoa de facto zalantzan jarriz”.

    5/2024 Foru Legea, baso suhiltzaileei buruzkoa

    5/2024 Foru Legeari dagokionez, Geroa Baik gogorarazi du “lege aldaketa horrek baso suhiltzaileen errealitate profesionala aitortzea zuela helburu, haien eginkizunek arrisku maila handia baitute”. “Arau honek eskubideak parekatzea eta jubilaziorako adina murriztea zuen helburu, berariaz burututako lanaren arabera, eta babes zibilerako eta herritarren segurtasunerako funtsezkoa den kolektibo bati babesa eta aitormena ematea ere”, nabarmendu du.

    Koalizioaren arabera, “Nafarroak ardura instituzionalez jokatu zuen eta bere larrialdi sistemaren ezagutza zuzenetik, zerbitzu publikoen antolakuntzan eta bere langileria propioaren kudeaketan duen bere eskumenaren jardunean”.

    Kontratu Publikoen 35/2022 Foru Legea

    Kontratu Publikoen 35/2022 Foru Legeari dagokionez, Geroa Baik azpimarratu duenez “erreforma honekin, Nafarroan kontratazio publikoaren dimentsio soziala sendotu nahi zen”. “Kontratuen erreserba aukerak handitzea zen helburua, politika publikoko tresna moduan, desgaitasuna duten pertsonekin edo bazterkeria sozial arriskuan daudenekin lan egiten duten erakundeak mesedetzeko, horrela kontratazio etikoagoa, arduratsuagoa eta interes orokorrarekin lerrokatuagoa sustatuz”, defendatu du koalizioak.

    Geroa Baik azaldu duenez, “apustu hau kontratazio publikoa ulertzeko modu aurreratuago baten zati da eta Nafarroaren eskumen propioen baitan kokatzen da, eta alor honetan Europako araudi eta jurisprudentziaren oinarrian dauden printzipioekin zeharo bat dator”.

    Foru bermeak sendotzeko beharra

    Horregatik guztiagatik, Geroa Baik dio “Auzitegi Konstituzionalaren epai hauek berriro ere agerian uzten dutela Nafarroak aitorturik dituen eskumenen etengabeko higatze hau ekiditeko berme berriak sartu behar direla etorkizunean egingo den Foruaren Hobekuntzaren erreformaren markoan”. “Ez da onargarria foru autogobernuaren irismena, jurisprudentziaren bidetik inposatzen diren irakurketa murriztaileekin modu sistematikoan baldintzaturik geratzea”, salatu du.

    Azkenik, “Nafarroaren autogobernuari zor zaion begirunea” eskatu du Geroa Baik beste behin, eta “norabide aldaketa” eskatu du, “konfrontazio judiziala elkarrizketa politikoagatik aldatzeko, foru erregimen zein eskubide historikoak benetan aitortuz”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko