Itzuli

Nafarroaren eta Espainiaren arteko aldebikotasuna bermatuko duen marko konfederal baten alde egin du Koldo Martínezek

“Gure foru askatasunekiko edozein bidegabekeriaren aurrean ez gara geldirik geratuko”

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak marko konfederal bat aldarrikatu du gaur Senatuan, nortasun nazional ezberdinei tokia emango diena eta Nafarroaren eta Estatuaren arteko aldebikotasuna bermatuko duena. “Paktu handia, maiuskulekin” eskatu du Martínezek, “horrekin Nafarroa subjektu politikoa izateko eta Espainiarekin berdinen arteko paktua bilatuz, eta hau ez da Nafarroa desagertzeko nahia, batzuek modu okerrean dioten moduan, guztiz kontrakoa baizik”.

    Geroa Baiko senatariak ere azpimarratu duenez, “Nafarroa subjektu politikoa da eta modu demokratikoan adierazitako proposamen bakar batek ere ezin dio eztabaida soziala ez eta bere herritarren borondatearen erabakitze askea ebatsi, eta ezin du iraganeko edo gaur egungo egitura politiko-instituzionaletan muga gaindiezinik aurkitu. Beste hitz batzuetan esanda, hainbat joera ideologikok Foruen Erabateko Leheneratze moduan historikoki interpretatu dutenaren parekoa. Izan ere, Foruak erakunde sorta bat izateaz gain, printzipio politiko bat dira aldi berean. Erakundeak alda daitezke. Printzipio politikoak bertan dirau”. 

    Transakzio finantzarioen eta interneteko plataforma handien gaineko zerga berrien kudeaketa jasotzen duen Hitzarmen Ekonomikoaren eguneratzeari betoa jartzeko Voxen eta Ciudadanosen -azken hau UPNren kide Nafarroan- eskaerari erantzuna izan da Koldo Martínezen adierazpena. “Zuek ez duzue foru sisteman  Espainiaren gaixotasun kronikoetako baten konponbidea ikusten, bere lurralde egiturari alegia, hortik datoz zuen betoak” esan die Martínezek bi formakuntzei. “Zuek foru berezitasunaren amaitu nahi duzue, horrela denok uniformeki espainiarrak izan gaitezen. Espainiarrak, zuen erara, noski. Honen guztiaren alderik bitxiena zera da, Konstituzioa modu integratzailean erabili ordez, jaurtitzeko arma moduan erabiltzen duzuela, hura sortu zuen ustezko izpiritua ahaztuz”.

    Koldo Martínezek gogorarazi duenez, “une honetan, gaur Nafarroan dauden bi nortasunetako bat bakarra ere ez da desagertuko. Foru erregimena deuseztatzea, hori baita Vox eta Ciudadanosek eskatzen dutena, azken hau UPNrekin koalizioa osatzen duen alderdia izanik gainera, ez du arazoa konponduko, hori larritu egingo du ordea. Benetan esaten dizuet, jaun andreok, Nafarroako Parlamentuak onartzen duena Ganbera honek onartzen duenaren maila berean dagoela uste dugunak, eta ez gara gutxi, ez garela geldirik geratuko gure foru askatasunen aurkako edozein bidegabekeriaren aurrean”.

    “Denok eroso aurkituko garen konponbide iraunkor bat bilatzeko gai izan behar dugu -azpimarratu du Koldo Martínezek-, inposatu gabe eta galerazi gabe. Lehenik nafarron artean eta bazterkeriarik gabe adostutako konponbidea, eta ondoren Estatuarekin, parez pare, itundua”.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko