Nafarroaren etorkizun industriala bermatzeko trantsizio ekologiko eta digitala bizkortzea defendatu du Geroa Baik
Mikel Asiain Geroa Baiko parlamentariak eta Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariak, trantsizio bikoitza -ekologikoa eta digitala- bizkortzearen beharra defendatu dute gaur, Nafarroako industriaren lehiakortasuna bermatzeko, zaurgarritasun energetikoa murrizteko eta Foru Komunitatearen ekoizpen sarea sendotzeko ardatz estrategikoa baita.
Nafarroari buruz hitz egitea bere industriari buruz hitz egitea dela azpimarratu du Asiainek, eta aldi berea, industriari buruz hitz egitea trantsizio ekologikoari buruz hitz egitea dela, era berean nabarmenduz Foru Komunitateak norabide horretan bertan egiten duela aurrera.
Testuinguru horretan, duela egun gutxi Irujo Kontseilaria buru duen departamentuak Tximista Plana onartu zuela gogorarazi du, ibilgailu elektrikoa eta bere birkargarako azpiegitura bultzatzeko 4,7 milioi euro dituen deialdi berria alegia. Ekimen honen helburua Europako automobilen industria sendotzea dela azpimarratu du Asiainek eta, bereziki, Europan bertan ekoizten dena defendatzea, Geroa Baik behin eta berriro erakundeetan egin duen aldarrikapena izanik.
“Estatuan laguntza hauek oraindik ez dira onartu, Nafarroan esparru honetan berriro ere aitzindari garen bitartean”, azpimarratu du, trantsizio energetikoaren prozesuan, baita ere mugikortasunaren esparruan, Foru Komunitatearen lidergoa nabarmenduz.
Sektore Elektrikoaren Legearen aldaketa
Halaber, Asiainek gogorarazi du berriki Geroa Baik mozio bat aurkeztu zuela Nafarroako Parlamentuan -Uxue Barkosek ere Senatuan erregistratua- Sektore Elektrikoaren Legearen 4 artikulua aldatzeko, lurraldeen errealitate industriala kontuan izango duten aldagai objektiboak sartzeko helburuarekin.
Aldagai horien artean honakoak planteatzen dira; lurraldetasuna, autonomia erkidego bakoitzaren BPGeanindustriak duen zama, industria osoaren baitan industria intentsiboaren zama eta amaierako energia kontsumoari dagokionez ekoizpen berriztagarriaren ehunekoa.
Trantsizio ekologikoan benetako esfortzua egiten ari duten lurraldeak aitortzea da helburua, Asiainen arabera. “Ikasle on horrek Nafarroa du izena, eta gure ustez esfortzu horrek aitorpen bat merezi du gutxienez”, azpimarratu du.
Parlamentariak gainera, deitoratu egin du proposamenen epealdian zehar, Industria Departamentuak planteaturiko eskaera asko Madrilek ez zituela onartu. Erabaki hauek jada hasitako proiektu industrialak arriskuan jartzen ez dituen arren, energia gaitasun berrien araberakoa diren etorkizuneko programengan eragina izan dezakete.
Zentzu honetan, Nafarroan dauden estatu mailako indarrek -PSN, PP eta Ciudadanos- ekimen honetan abstentziora jo izana kritikatu du, bere iritziz Estatuaren ikuspegi zentralista lehenetsi zutelarik Nafarroaren interesen defentsa egin ordez.
Asiainek ohartarazi du Nafarroa ezin dela energiaren alorrean Estatuaren aldebakarreko erabakien menpe egon. “Ezin gara megavatioen eske joan Madrilera, gure etorkizun industriala jokoan baitago”, ziurtatu du, gogoraraziz ehunka milioi euroko inbertsioak eta ehunka lanpostu daudela jokoan.
Ziurgabetasun geopolitikoa eta subiranotasun energetikoa
Nazioarteko ezegonkortasun geopolitikoak Nafarroaren industriarengan izan dezakeen eraginari buruz ohartarazi du ere parlamentariak. Zehazki, petrolioaren eta gasaren salneurriaren gorakada azpimarratu du, Ekialde Hurbilean gerra dela eta, horrek kostu industrialak zein oinarrizko produktuen garestitzea ekar dezakeelarik herritarrentzat.
Eszenatoki honen aurrean, deskarbonizazio prozesua bizkortzea defendatu du, energia berriztagarrietan oinarrituriko subiranotasun energetiko handiagoa lortzeko eta modu horretan kanpo-dependentzia murriztuz.
Ildo horretan, Geroa Baik mozio bat erregistratu du berriki, Erregai Fosilen Ez Ugaritzerako Itunaren nazioarteko ekimenarekin bat egin dezan Nafarroak, itun hori hiru ardatzetan oinarrituz: erregai fosilen proiektu berrien hedapena gelditu, egun dauden azpiegiturak gutxinaka kendu eta langileentzako, komunitateentzako eta baliabide hauen menpe dauden ekonomientzako trantsizio energetiko zuzena bermatu.
Hazkunde industrialeko hamar urte
Bere aldetik, Mikel Irujo Kontseilariak nabarmendu du Nafarroak hamar urte daramatzala hazkunde ekonomiko etengabean -pandemiaren urtea salbu- eta 2021 urtetik bataz besteko hazkundea %3,4koa izan dela, Europar Batasunaren bataz bestekoaren gainetik eta Korea edo Japonia bezalako ekonomia aurreratuenen aurretik ere.
Biztanleria Aktiboaren Inkestan jasotzen diren Estatistika Institutu Nazioalaren datuen arabera, Nafarroan enplegu industriala maximo historikoetan dago, sektore horretan lanean diharduten 91.000 pertsonarekin 2025 urte amaiera, 2015 urtean erregistratu ziren 65.000 pertsonen aurrean.
Hala ere, egungo nazioarteko testuinguru geopolitikoak eragindako ziurgabetasunaren gainean ohartarazi du. Errusiak Ukrainaren aurka 2022an hasitako gerrak eta berriki Ekialde Hurbilean hasitako eskalatze militarrak eragin zuzena dute energiaren merkatuetan.
Trantsizio bikoitza industria lehiakorrago batentzat
Egoera honen aurrean, Irujok berretsi egin du trantsizio ekologiko eta digitala funtsezkoa dela Nafarroaren lehiakortasun industriala sendotzeko. Trantsizio ekologikoa, energia berriztagarrietan eta ekonomia zirkularrean oinarritzen dena, betebehar klimatikoa izateaz gain aukera bat da ere kostuak murrizteko eta Foru Komunitatearen autonomia energetikoa sendotzeko.
Aldi berean, trantsizio ekologikoak automatizazioa, prozesuen digitalizazioa, sinplifikazio administratiboa eta teknologia aurreratuen erabilera bultzatu behar du, enpresek ekoizpen gehiago edukitzea mesedetuz eta testuinguru global ziurgabe batean erresilienteagoak izaten lagunduz.
Erregai fosiletan oinarrituriko eredu energetikoa kritikatu du ere kontseilariak, “zikin, ez eraginkor eta garestiak” direla adieraziz, aldi berean azpimarratuz berriztagarrietara trantsizioak, eraginkortasun energetikoak eta elektrifikazioak, industriaren eraldaketa digitalarekin batera eta modu paraleloan egin behar dutela aurrera.
Europa eta tokiko industriaren babesa
Europako alorrean, aste honetan Europako Batzordeak aurkeztutako proposamena baloratu du Irujok, Europar Batasunaren Azelerazio Industrialerako Lege berri bati dagokiona alegia, Europaren oinarri industriala sendotzea bilatzen baitu.
“Made in EU” kontzeptuaren aldeko apustua egiten du ekimenak, bai eta deskarbonizazio industriala, baimenen bizkortzea eta sektore estrategikoei babesa ere, direla sektore horiek bateriak, eguzki edo haize energia, ibilgailu elektrikoak edo karbono gutxiko material industrialak.
Tokian ekoizten denaren kontzeptua -edo zero kilometroko industria- Europako araudian sartu izana modu positiboan baloratu duen arren, Irujoren ustez proposamenak oraindik ez du behar bezalako anbiziorik, sektore eolikoari dagokionez bereziki.
Kontsumo arduratsua eta industriari babesa
Azkenik, Geroa Baitik herritarrei deia egin diete kontsumo arduratsu eta hurbilekoaren alde egin dezaten. “Kontziente izan behar dugu gure kontsumo erabakiek ondorioak dituztela gure industriarengan eta gure enpleguarengan”, azpimarratu du kontseilariak.
Horregatik, manufaktura industrial propioa babestea eta sustatzea defendatzen du koalizioak, enpresa txiki eta ertainena bereziki, bai eta “made in Navarra” edo, gutxienez, “made in Europa” produktuen alde egitea.
“Gure manufaktura babesten ez badugu, formakuntza jaso duten pertsonek ez lan egiteko tokirik edukiko eta zentro teknologikoek ez dute haien berrikuntzak probatzeko langilerik edukiko”, amaitu du adieraziz Irujok.
Mikel Irujo