Itzuli

Nafarroarentzako defizitaren doikuntza ekitatibo bat adostea eskatuko du Geroa Baik

Mikel Asiain parlamentariak adierazi du behin Nafarroako Aurrekontuak onartu ondoren, premiazkoa dela Hitzarmen Ekonomikoaren Koordinazio Batzordearen bilera egitea “Nafarroarentzako defizitaren doikuntza ekitatibo” bat adosteko

    Mikel Asiain Mikel Asiain

    Sánchezen Gobernuaren defizit helburuen proposamenari Alderdi Popularrak eta Voxek egindako ‘beto’ bikoitzaren ondoren, Gobernuak iazko apirilean Europako Batzordeari igorritako Egonkortasun Planaren baitan zeuden portzentajeak ezarri beharra dago. Egoera honen aurrean eta, 2024 urte honetarako Nafarroako Aurrekontuak behin onartu ondoren, Geroa Bairen iritziz premiazkoa da Hitzarmen Ekonomikoaren Koordinazio Batzordearen bilera egitea Foru Komunitatearentzako zifra ekitatibo bat ezartzeko.

     

    Mikel Asiain Geroa Baiko parlamentariak azpimarratu duenez, “Estatuko Gobernuaren proposamenei Senatuan jartzen zaizkien betoen ondorioek sortzen duen ziurgabetasuna kontuan izanik, bai eta aurten Aurrekontu Orokorrik ez egotearen aukera kontuan hartuz, eta horrek guztiak Nafarroarentzako izan dezakeen eragina ikusirik, premiazkoa da Hitzarmen Ekonomikoaren Koordinazio Batzordearen bilera egitea”.

     

    Horrela jasotzen da koalizioak ostegun honetan, martxoak 21, Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran defendatuko duen mozioan, horren bitarteaz Batzordea premiaz deitzea eskatuz “gure Komunitateari 2024, 2025 eta 2026 urteetarako dagokion defizitaren doikuntza adosteko”. Aldi berean, Estatuko Gobernua premiatzen da “Koordinazio Batzordearen baitan gure Komunitatearentzako defizitaren doikuntza ekitatibo bat planteatu dezan”.

     

    Asiainek gogorarazi du koalizioak gai honi buruz jada galdetu ziola Gobernuko Lehendakariari azkeneko Osoko bilkuran. Zentzu honetan azpimarratu duenez, “gure ustez Chivitek gure kezka bera zuen egoera honek ekar dezakeenaren aurrean, horregatik uste dugu premiazkoa dela Nafarroarentzako izan ditzakeen inplikazioen gainean argitasun pixka bat jartzea”.

    Horrela, Geroa Bairen parlamentariak nabarmendu duenez “behin Nafarroak bere aurrekontuak onartu ondoren, Foru Komunitateak Estatuko zorrari egin beharreko ekarpena zer nolakoa izango den kezkatzen gaitu, baina hau defizit helburuei dagokion beste gai bat da”.

    Horregatik, Asiainek adierazi du “bi aldagai hauek Nafarroarentzako inplikazio ekonomiko garrantzitsuak” eduki ditzaketela, “eta gure ustez beharrezkoa da lehenbailehen argi izatea zeintzuk izango diren, nola kuantifikatuko diren eta zein modutan ezarriko diren”.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko