Nafarroarentzako eskumen gehiago eskatu ditu Geroa Baik eta ohartarazi du autogobernua ezin dela Madrilgo erabakien menpe geratu
Nafarroaren erabakitzeko ahalmena handitzea defendatu du eta bere eskumenentzako begirunea eskatu du Larrialdietarako Plataforma Bateratua martxan jartzea bezalako erabakien aurrean
Nafarroaren autogobernuan aurrera egiten jarraitzearen beharra aldarrikatu du gaur Geroa Baik, bai eskumen berriak hartuz, bai eta jada aitorturik dituenen eskuduntza osoa bermatuz. Horrela, koalizioak defendatu du Nafarroak erabakitze ahalmen handiagoa behar duela bere beharrei erantzuteko eta ohartarazi du autogobernuaren garapena ezin dutela estatu mailako alderdi handien erabaki eta interesek baldintzatu.
Pablo Azcona Kongresurako Geroa Bairen hautagaiak defendatu duenez, “autogobernua Nafarroaren geroa eraikitzeko funtsezko tresna da, politika propioak garatzea ahalbidetzen digu, gure zerbitzu publikoak sendotzea eta aurrean ditugun erronka ekonomiko eta sozialei erantzuna ematea”.
Zentzu honetan, Azconak gogorarazi du “Foruaren Hobekuntza onartu eta berrogei urte baino gehiagoren ondoren, Amejoramenduan jasotzen diren eskumenen transferentzia burutu gabe jarraitzen duela Estatuak”. “Ez dugu pribilegiorik edo kontzesiorik eskatzen, Estatuak bere betebeharrekin bete dezan ordea eta Nafarroak lege bidez aitorturik dituen eskumenak errespetatu ditzala”, ziurtatu du.
Halaber, Kongresurako Geroa Bairen hautagaiak “LORAFNAren erreforma bati heltzeko beharra” azpimarratu du, “autogobernua sendotzea eta XXI mendeko erronkei egokitzea ahalbidetuko duena, erabakitzeko ahalmen berriak gaineratuz”.
Era berean, Azconak ohartarazi du “autogobernuan aurrera egiteak Nafarroak aitorturik dituen eskumenak gordetzea eta defendatzea eskatzen duela ere”. Zentzu honetan, Larrialdietarako Plataforma Bateratuaren martxan jartzea zalantzan jarri du, hala salatu zuelarik Geroa Baik, “horrek de facto eskumenak lagatzea esan nahi duelako, bai eta Foruzaingoa, Nafarroako erreferentziazko kidego moduan baztertzea”.
“Larrialdietarako Plataforma Bateratua martxan jartzeak frogatzen du Estatuaren erabaki jakinek gure eskumenen jarduna mugatu dezaketela”, adierazi du Azconak, ziurtatuz Geroa Baik “ez duela onartuko Madrilen hartutako erabakiek Nafarroari dagozkion eskumen kaltetan jokatzerik”.
Bere aldetik, Mayte Espinosa Senaturako hautagaiak estatu mailako bipartidismoaren aldetik Nafarroaren autogobernuarekin konpromiso tinkorik ez dagoela kritikatu du. “Azken urteetan aurrerapausoak eman diren arren, PSOEk Nafarroaren autogobernuaren defentsa Madrilgo lehentasun politikoen menpe jartzen jarraitzen du, bien bitartean PPk behin baino gehiagotan oztopatu duelarik gure Komunitateari dagozkion eskumenetan aurrerapausoak egotea”, azpimarratu du.
Halaber, Voxen planteamendu zentralizatzaileek dakarten mehatxuaren gainean ohartarazi du Espinosak eta UPNren jarrera zalantzan jarri du. “Zaila da ulertzea nola UPNk foru erregimenaren defendatzaile moduan agertu nahi duen bere burua, aldi berean PPrekin aliantza mantenduz, jakinik honek gobernatzeko Voxen laguntza beharko duela eta formakuntza honek Nafarroaren autogobernua modu irekian jartzen duela zalantzan”, kritikatu du.
Horregatik guztiagatik, Nafarroak Gorte Orokorretan ordezkaritza propioa edukitzearen garrantzia aldarrikatu du Espinosak, “bere eskumenak eta interesak defendatzeko gai izango dena, Madrilen gobernatzen duena edozein izanik ere”, eta Geroa Baik hala jarduteko askatasuna du.
“Nafarroa ezin da estatu mailako alderdien estrategia eta lehentasunen menpe egon, eta horregatik behar dugu ahots propioa, gure autogobernua menpekotasunik gabe defendatuko duena eta gure erabakitze ahalmena handitzeko lan egingo duena”, ziurtatu du.
Pablo Azcona