Navarra Suma-k Foru Komunitatearen manipulazio eta demonizazio estrategia egiten ari duela salatu du Geroa Baik
UPN, PP eta Ciudadanos-eko buruzagiek Nafarroa objektu moduan eta truke txanpon moduan jartzen ari dute berriro ere, subjektu politiko moduan defendatzen dugunon aurrean
Navarra Suma-k Foru Komunitatearen manipulazio eta demonizazio estrategia egiten ari duela salatu du Geroa Baik, azken egunotan UPN, PP eta Ciudadanos-eko buruzagiek egindako adierazpenen ondoren eta gaur Casadok Foru Parlamentura egindako bisitaren ondoren.
Koalizioaren aburuz, ‘Altsasu’ kasua deiturikoan gertatu bezala, Javier Esparza UPNko buruak eta Pablo Casado PPko buruzagiak Nafarroaren demonizazioa bilatzen ari dute, adierazpen faltsu eta Foru Komunitatean bizi dugun errealitatearekin ez gutxi ikustekorik dutenekin.
Geroa Bairen iritziz, Foru Ganberako formakuntzen aniztasuna eta ordezkaritzari erantzuten dion Nafarroako Parlamentuaren Mahaia osatu ondoren entzundako adierazpenak oso larriak eta arduragabeak dira, eta horien helburu bakarra konfrontazioa bilatzea eta gizartea asaldatzea da.
Koalizioak salatu duenez, Navarra Suma hitz lodien, manipulazioaren, gehiegikerien politikagintzari ekin dio, herritarrak adin txikikoak balira bezala tratatuz, haien erabaki propioak hartzeko gai ez balira bezala, eta Nafarroa berriro ere objektu moduan eta truke txanpon moduan jartzen du, Nafarroa eta bere herritarrak subjektu politiko moduan tratatzen ditugunon aurrean.
Koalizioak gainera ETAren biktimen erabilera alderdikoia kritikatu du, aitorpena, oroimena eta ordaina merezi baitute, eta formakuntza horiek haien mina modu lotsagarrian erabiltzea da merezi ez dutena.
Azkenik, Geroa Baik bere konpromiso osoa agertu du nortasun ezberdinak dituen gizarte bizikide baten alde lanean jarraitzeko, justuagoa, demokratikoagoa eta anitzagoa, Nafarroako herritarren arteko gorrotoa eta konfrontazioa astindu nahi dutenen aurrean.