Itzuli

Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma egiteko Europatik etorritako proposamena gaitzetsi du Geroa Baik, landa munduarentzako eta lehen sektorearentzako atzerapauso onartezina delako

Arduragabekeria egotzi dio koalizioak eskuinari, Nafarroan batasun politiko eta sektoriala apurtzen saiatzeagatik

    Europako Batzordeak 2028-2034 epealdirako proposatu duen Urte Ugariko Finantza Markoaren hasierako proposamenaren aurkako erabateko jarrera agertu du Geroa Baik, lehen sektoreari bideraturiko funtsen murrizketa justifikaezina dela baiteritzo, bai eta Europan landa garapenerako politikentzako mehatxua ere.

    Ursula von der Leyenek aurkeztutako proposamenak %20 baino gehiagoko murrizketa aurreikusten du Europako nekazaritzaren aurrekontuetan, horrekin, praktikan, Nekazaritza Politika Bateratuaren bigarren zutoina arriskuan jarriz, bere funtsak beste partidetara bideratuz eta nekazaritza eta ingurumenari dagozkion politikak ahulduz, bai eta toki garapen partaidetza eta landa mundua suspertzeko politikak ere.

    Europaren elikadura subiranotasuna sendotuko duen eredu bat defendatzen dugu Geroa Baitik, lehen sektorearen profesionalen lana babestuko duena eta NPBren bi zutoinen egitura mantenduko duena, Nafarroan adostu den moduan, izan ere pasa den ekainaren 17an Landa Garapen Departamentuak eta nekazaritza antolakunde guztiek akordioa lortu zuten eta parlamentuko talde guztiek eman zioten babesa akordio horri.

    Zentzu honetan, tinkotasunez kritikatzen dugu Nafarroako eskuinak hartutako jokabidea, UPN eta PP alderdiena zehazki, orain adostasun hori ahultzen eta batasun hori apurtzen saiatzen ari baita eta helburu alderdikoi hutsekin gainera, landa munduaren interesak defendatzeko gainontzeko guztiekin batera bultzatu ordez. Eskuina da hain zuzen ere Europatik landa mundu horren aurkako politiken buru dagoena, bai Hasen komisarioa bai eta Von der Leyen Presidentea ere dira Europako Alderdi Popularreko kide.

    Nafarroako landa munduaren etorkizunarekin bere konpromisoa berresten du Geroa Baik, NPB sendo, zuzen eta ongi finantzatutako batekin, eta bere eskualdeei eta horiek zutik mantentzen dituztenei bizkarra emango ez dion eredu europar batekin. Urte ugariko Finantza Marko berri honen negoziaketan Autonomia Erkidegoek paper aktibo handiagoa edukitzea eskatzen dugu eta Nafarroak ez duela ezkutupeko murrizketa bakar bat ere onartuko ohartarazten dugu, ez eta gure landa esparruaren garapen eta jasangarritasunerako funtsezkoak izan behar duten politiketan ere ez dugu atzerapauso bakar bat ere onartuko. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko